Koronabirusa

«Lotura afektiboa indartzea da gehien zaindu behar duguna»

Jon Miranda Labaien 2020ko api. 21a, 16:08

Konfinamendua arinduko zaie umeei datorren astelehenetik aurrera eta neurriaren egokitasunaz eta ekarriko dituen onurez aritu da Lasai psikoterapia zentroko Joana Aguado psikologoa.

Konfinamendua arinduko zaie umeei datorren astelehenetik aurrera. Ados zaude erabakiarekin?

Bai, nire ustez bai. Iruditzen zait arduratsu eta zentzuz jokatuz gero haur eta nerabeen konfinamenduak bukatu egin behar duela, beti, noski, kutsatzeko arriskua kontrolpean edukitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuta. Neurri hauek zeintzuk diren oraindik ez dakigu zehazki, hori osasun agintarien lana da, eta badirudi laster jakingo ditugula.

Dena den, esan beharra daukat denek ez dutela kalera ateratzeko premia bera izango, itxialdi hau oso modu desberdinean bizitzen ari garelako etxe bakoitzean. Ume batzuk oso pozik daude gurasoak erabat etxean daudelako beraiekin, eta beste batzuk, aldiz, asko sufritzen dute.

Desberdintasun hauek arrazoi ezberdinen arabera ematen ari dira: Alde batetik konfinatuta dauden etxe motagatik, ume batzuk balkoirik gabe eta ia argirik gabeko etxe txikietan bizi dira eta beste batzuk baratza, lorategi eta belardia ere baduten baserri handietan. Familiaren ezaugarrien arabera ere egoera oso desberdina izan daiteke, alde batetik anai-arrebarik ez dituzten haur eta nerabeak daude, eta bestetik jolasteko edota eztabaidatzeko (edota borrokatzeko) anai-arrebak dituztenak daude. Beste desberdintasun garrantzitsu bat familiaren arteko harremanena da, harreman osasuntsuak mantentzen dituen familia bat den, haur eta nerabeen behar emozionalak asetzen dituzten familia bat den, edo harreman kutsakorrak eta indarkeria egoerak pairatzen dituzten sistema baten parte diren. Bestalde, baditugu bi gurasoak telelanean egunean zortzi ordu eman behar dituzten familiak, haurrei eskaintzeko ia denborarik gabe. Guraso autonomoak dituztenak eta ekonomiarengatik oso larrituta daudenak. Badira ere familian galeraren bat izan dutenak, doluari tokia eman ezinik.

Haur edo nerabearen berezitasun propioak ere badaude, adibidez batzuk mugitzeko behar gehiago dute besteak baino, eta beste batzuk behar bereziak dituzte. Beraz, kasuistika oso zabala da, horregatik haur batzuk gustura, pozik egongo dira itxialdi honetan, eta beste batzuentzat haize falta hau oso egoera gogorra izaten ari da.

Egia da umeak egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasun handiagoa dutela?

Bai, haurrak erresilientzia handikoak dira eta helduak baino gaitasun handiagoa dute egoera ezberdinetara egokitzeko. Horretarako oso garrantzitsua da gurasook egoera zein den ondo azaltzea eta bere beharrak asetzen saiatzea. Haurrak egoera zein den ondo ulertuz gero eta bere beharrak aseta edukiz gero egoerara helduok baino askoz hobeto egokitzen dira.

Zer nolako eragina du umeen osasunean hainbeste egunetan kalera atera ezin izanak?

Lehen aipatu dudan bezala ume bakoitzaren egoera oso desberdina izanik, itxialdiaren eragina ere oso desberdina izango da. Hori kontutan izanda, kontutan hartu behar dugu ere umeak garapen prozesuan daudela eta inguruaren behar handiagoa dutela bere emozioak eta jarrerak erregulatzen ikasteko. Erregulazio honetan ohiturak eta errutinak oso lagungarriak dira haurrentzat, horregatik dira bereziki sentsibleak aldaketen aurrean.

Aldi berean aire zabalean egindako mugimendu jardueren beharra dute, izan ere mugimendua ezinbestekoa da umeen garapenerako eta bere emozioak erregulatzeko. Bestalde, berdinekin elkar kontaktatzeko beharra dute, beste umeekin harremana umeen egunerokotasuneko elementu zentrala baita. Amaitzeko, haur eta nerabeak egonkortasun eta ziurtasun egoeren beharra daukate. Umeen garapen osasuntsurako desegonkortasun eta ziurgabetasun egoerak mugatzea garrantzitsua da, hauek urduritasuna eta konfiantza eza eragiten dielako.

Aktibitate fisikoak eta beste umeekin harremana edukitzeak zertan laguntzen du haurren garapenean?

Aktibitate fisikoari dagokionez, honen onurak asko dira haur eta helduon osasunarentzat. Osasun fisikoaren onura guztiaz aparte, haur eta nerabeen kasuan, aktibitate fisikoaren bitartez emozioak helduok baino gehiago erregulatzen dituzte. Aktibitate fisikoaren ondoren emozionalki hobeto sentitzen dira, endorfinak askatzen dituzte eta honen ondorioz zoriontsuago daude, bere buruarekin hobeto sentitzen dira eta autoestimua hobetzen zaie. Horrekin batera energia bideratzen laguntzen die , antsietatea jaitsiz. Ikasteko, pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna hobetu eta kontzentratzen laguntzen die, besteak beste.

Beste umeekin harremana edukitzeak ere onura asko ditu arlo desberdinetan, garapen kognitiboan, afektiboan eta sozialean. Haurraren garapenean, berdinekin harremantzean haurrak bestea kontutan hartzen ikasten du, enpatia garatuz. Besteen emozioez kontzientzia hartzen du eta norberaren emozioetatik desberdintzen ikasten du. Bere identitatearen ezagutzan eta identifikatze sexualean garrantzitsua da baita ere. Autoestimua garatzen laguntzen dio, bera bezalako haur edo nerabe talde baten parte izateak, onartua eta maitatua dela sentitzeak, bere buruarekiko segurtasuna hobetu eta autokontzeptu positibo bat sortzen laguntzen dio, baita bere burua onartzen eta zoriontsuago izaten ere.

Osasun fisikoa, psikologikoa eta emozionala maila berean zaindu beharko litzatekeela uste duzu?

Noski, osasun fisikoa, psikologikoa eta emozionala erabat lotuta daude, gauza bera dira. Osasun integralaren atal desberdinak dira baina danak osatzen dute pertsona bakoitzaren osasuna. Ez dago osasun fisikoa osasun psikologikorik gabe eta ez dago osasun emozionala osasun fisikorik gabe. Eta gehiago esango nuke, ardatz espirituala ere kontutan hartu behar dugu, osasunaz ari garenean osasun kontzeptu holistiko batez ari garelako, osasun integralaz, globalaz. Osasuna fisikoa, psikologikoa, emozionala eta espirituala ere bada, gu hori ere bagarelako, eta ezin ditugulako bakarka hartu, batak bestearengan eragin zuzena duelako. Beraz bai, noski, gure osasunaren atal desberdinak zaindu behar ditugu osasuntsu egon nahi baldin badugu.

Hain zuzen, COVID-19aren ondorioz osasun krisi latz bat bizitzen ari gara gure gizartean, baina ez osasun fisikoari dagokionez bakarrik, gure osasuna krisian dago fisikoki, psikologikoki, emozionalki eta espiritualki, bizitzen ari garen guztiagatik: gaixotasun fisikoa, agurtu gabeko heriotzak, lagundu eziniko doluak, erditze bakartiak, itxialdiak, isolamenduak, indarkeria, ezjakintasuna, krisi ekonomikoa, kezka, beldurra, antsietatea, bakardadea... guztiak du eragina gure osasunean.

Geroz eta egun gehiago orduan eta gehiago larritzen da egoera?

Ume eta nerabe batzuk hasieran asko poztu ziren: ‘Ze ondo eskolarik gabe! Beranduago oheratu naiteke! Jolasteko denbora gehiago daukat! Telebista ikusi dezaket egunero!’, esanez. Batzuk horrela jarraituko dute baino beste batzuk dagoeneko nazkatu dira egoera honekin ere.

Egoera larria kasuaren arabera izango da. Dena den, orokorrean konfinamendu egoeraren luzatzeak egoera gehiago okertzea ekarriko du, aldagai desberdinetan eragina duelako. Gurasoengan eragina badu, haurrak ere ondorio horiek nabarituko dituzte eta haurrak berak ere nekatuago egon daitezke. Kasu batzuetan hasieratik sumatu dituzte ondorioak, beste batzuetan berriz denborarekin hasiko dira sumatzen konfinamenduaren eraginez sortutako sintomak: loa okerragotu, ordutegi aldatuak, umore txarra, kasketa ugariagoak, haserreak, antsietatea, alaitasun falta, apatia, gutxiago edo gehiago jatea...

Guraso eta zaintzaileei zein gomendio emango zenieke?

Guraso eta seme-alaben arteko harremanaren garrantzia azpimarratuko nuke. Nire ustez haurren behar emozionalak asetzea, atxikimendua eta lotura afektiboa indartzea da gehien zaindu behar duguna. Haur eta gaztetxoekin enpatikoak bagara, gurasoak presente eta sentitzen dugunarekin konektatuta bagaude, haurrak maitatuta sentitzen badira, besarkatuta, errespetatuta, entzunak sentitzen badira, dena ondo joango da. Emozioei hitzak jartzen laguntzen badiegu, beraiekin jolasten badugu, azalpenak ematen badizkiegu, hau da, bizitzen ari garen egoera zaila bada ere, gure haur eta nerabeak laguntzen baditugu dena ondo joango da.

Konfinamenduaren arrastoak ume eta nerabeengan epe luzean sumatuko direla uste duzu?

Gurasoak haurren behar emozionalak asetzeko eta hauei sostengua emateko gai baldin badira ez dut uste ondorio larriak sumatuko dituztenik. Arazoa da hau ume eta nerabe askok ezin izango dutela sostengua jaso arrazoi desberdinengatik, eta nahiz eta oraindik ezin dugun jakin zein ondorioekin topatuko garen, batzuk aurreikusi ditzakegu eta kezkagarria izan daiteke kasu askotan.

Bestelako mezuren bat bidali nahi duzu?

Bai, azkenik auto-zaintzaren garrantziaz hitz egin nahiko nuke. Gurasook ezin dugu ahaztu guraso izan aurretik pertsonak garela, eta egoera berri honi egokitzeko beharra daukagula. Gure buruari sostengua emateko modua topatu behar dugu, beldurrari, gaixotasunari, ekonomiarekiko kezkari, haserreari edo etxean hainbeste orduz egoteagatik sentitzen dugun itolarriari ere tokia emanez. Ondo sentiarazten gaituen zerbait topatu behar dugu: kirola egin, norbaitekin hitz egin, gustuko zerbait irakurri edo isiltasunaz gozatu tartetxo batean bada ere. Beldur edo kezka gehien sentitzen dugun momentu zailenetan sentitzen dugunaz hitz egitea komenigarria da, gertatzen ari zaigunari hitzak jartzea. Babes giro batean geure buruari sostengu emozionala emateko modu bat da. Izan ere, bestearekin egon ahal izateko oreka emozionala behar dugu, gure seme-alabak behar den moduan lagundu ahal izan ditzagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!