Koronabirusa

Zein eremu desinfektatzen dira Tolosan?

Ataria 2020ko apirilaren 20a

Erabiltzen diren produktuak etxeko animalientzat kaltegarriak ez diren arren, jabeek zaintzarako kontu gehiago izan dezaten, udalak eremu horiek zeintzuk diren jakinarazi nahi du.

Osasun alarma egoera ezarri zenetik, indartu egin da kale garbiketa zerbitzua Tolosan, herritarren segurtasuna bermatzeko. Lan horietara bideratutako langile kopurua handitzeaz gain, Osasun Ministeriotik ezarritako irizpideak jarraituz, herri guztia xaboi-urez garbitzen da egunero. Gainera, desinfektatu ere egiten dira gune kritikotzat hartzen diren eremuak, hala nola anbulatorio ingurua, supermerkatu inguruak (Araba Etorbidea, Nafarroa Etorbidea, Batxiler Zaldibia kalea, Lapurdi plaza eta Larramendi kalea), edukiontzi guneak, okindegiak eta gozotegiak dauden eremuak eta autobus geltokiak.

Etxeko animalien jabeen lasaitasunerako, zehazki zein eremu desinfektatzen diren jakinarazi dute udaletik, erabilitako produktuak kutsakorrak eta kaltegarriak ez diren arren, animalien jabeek kontu gehiago izan dezaten. Edonola ere, udaletik azpimarratu dute erabiltzen diren produktuek ez dutela inolako kalterik eragiten, ez pertsonengan ezta etxeko animaliengan ere. Kale garbiketa areagotzeaz gain, itxita dauden eraikinen ikuskapena egiten ari da udala, haien egoera aztertu eta garbiketa lanak sakontzeko.

Larrialdi egoera izendatu eta konfinamendua hasi zenetik, herriko hainbat gunetan hainbat animaliaren plagak agertu dira. Udalak egoeraren diagnostiko bat egin du, eta dagoeneko hasi da izurriteen aurkako kanpainak egiten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!