Alarma egoera duela hilabete jarri zuten. Nolako bilakaera ikusi duzu tolosarren artean?
Nire ustez, itxialdiaren aurreko egunetan informazio nahikoa bazegoen instituzioetatik babes neurri zorrotzagoak hartzeko. Beste herrialdeetako informazioa eskuetan genuen, eta hala ere, administrazio nagusiek ez zituzten neurriak irmotasun nahikoarekin hartu. Gogoratu beharko genuke, zenbait ostalarik eta dendarik, inongo agindu ofizialik gabe, beren jarduerak etetea erabaki zutela. Itxialdiko lehen eguna -igandea zen- denok txintxo-txintxo etxean pasa genuen eta astelehenean denok berriz ere lanera inongo babes neurririk gabe joan behar izan genuen.
Tolosako kasuan lehen egunetan ere, saltoki handietan batez ere, protokoloak ez ziren egoerak eskatzen zuen bezain zorrotzak izan.
Tolosarrok, herri gehienetan bezala, eta salbuespenak salbuespen, ardura handiz bete ditugu agindu zaizkigun neurriak eta hilabetea pasa arren horrelaxe jarraitzen dugu.
Osasun krisiaz hitz egiten da, eta hori, birus bat baino zabalagoa da.
Osasun krisia baino, jendarte eredu honen krisia dela esango nuke. Itxialdiak erronka handia suposatzen du guztiontzat. Gauza askotara egokitu behar izan dugu goizetik gauera, lana egiteko edo ikasteko molde berrietara, harremanak, erosketak, aisialdia, ariketa fisikoa… Denok ez ditugu baldintza berdinak izan egokitzapen horretarako, etxe guztiek ez dituzte baldintza berdinak, pertsona guztion baliabideak ez dira berdinak… eta beti bezala, zaurgarrienak dira gehien sufritzen ari direnak eta seguraski, ziurgabetasun handiarekin. Espazio txikiak, argitasun gutxi, larrialdi ekonomikoak ez dira bidaide egokienak osasun fisikoari, emozionalari eta harreman osasuntsuei eusteko.
Bestetik, harrigarria da mugikortasuna mugatzen duen dekretuak umeak nola baztertu eta ahaztu dituen ikustea. Aldi berean, adineko pertsonentzat egunero paseo bat emateak eta interakzio soziala izateak garrantzia handia du. Zentzurik ez du horretarako aukera ez izan eta aldiz, saltokietara joateko inongo mugarik ez izateak. Askoz ere arrisku handiagoa da adineko pertsona batentzat erosketak egitea, etxe inguruan paseo bat ematea baino.
Politika egitea, zuen kasuan oposizioa, nolakoa izaten ari da testuinguru honetan?
Oposizioan egonda ez dugu erabakimenik, horregatik, egon zitezkeen desadostasunak alboratzen eta indarrak batzen saiatu gara. Egingarriak -eta gure ustez giltzarriak- diren proposamenak egin ditugu eta horretan jarraitzen dugu, zintzo eta umil.
Krisi honen hasiera-hasieratik gure egitekoak bi helburu nagusi lortzera bideratuta egon dira; alde batetik, birusaren kutsatze masiboa eragozteko neurriak proposatzea; eta, bestetik, herritarren artean sortu diren beharrei ahalik eta hobekien, azkarren eta era koordinatuenean erantzutea.
Gure jarduna, dena den, ezin da alderdi instituzionalera mugatu, eta nolabait, gure kanaletatik helburu horiek lortzeko eragiten saiatu gara. Adibidez, martxoaren 14ean bertan, herritarren artean funtsezkoak iruditzen zitzaizkigun informazioak zabaldu genituen sare sozialetatik.
Kutsatzea mantsotzeko, hasieratik iruditu zitzaigun funtsezkoa, adineko pertsonak erosketak egitera ez ateratzea. Horretarako, protokolo bat garatu genuen eta sortutako boluntario taldeari pasa eta martxoaren 16an bertan udalean aurkeztu genuen, beharrei erantzuteko eragile guztiak (Gizarte Zerbitzuak, Gurutze Gorria, Babes Zibila, DYA, Udaltzaingoa, Boluntarioak…) bilduko zituen koordinazio foro baten beharra mahai gainean jarriz.
Bestetik, herritarrontzat kutsatze arrisku handiena salerosketak egiteko momentuan ematen dela pentsatzen dugu. Hasieratik asko kezkatu gaituen gaia izan da eta horregatik saltoki handietako aforoa mugatzea eta denda barneko protokoloak zorroztea proposatu genuen. Hasierako egunetako bileretan mahai gainean jarri ziren beste gaiak, kalean bizi den jendea, diru sarrerarik gabe gelditu diren etxeko langileak (asko kontraturik gabe) edo emakumeen kontrako indarkeria kontuan hartzea izan ziren (zenbait emakumerentzat etxealdi hau terriblea izaten arituko da. Etxea, espazio segurua beharko lukeena, beraientzat espaziorik arriskutsuena izan daitekeelako). Baserritarren produktuei irteera ematea, gure beste kezketako bat izan da eta maila horretan ere proposamen ezberdinak egin ditugu.
Gure mugetan eta hemendik kanpo, hilabete honetan, bere gordintasunean agertu den kontraesana osasuna eta ekonomia eredu jakin baten arteko talka izan da. Non kokatzen zara?
Giltzarria zerorrek eman duzu galderan. Kosta ahala kosta ekonomia eredu jakin bat salbatu nahi dute, non baliabideen ustiatzea mugagabea den, hondakinen kudeaketa jasanezina eta desoreka sozio-ekonomiko itzelak sortzen dituen. Baina eredu hori salbatu nahiko bagenu ere, zenbait adituk ondorioztatu dute lehentasunezkoak ez diren jarduera ekonomikoak gutxieneko funtzionamendura eramanda (gutxieneko langileria lanean osasun babes guztiak errespetatuz) krisia lehenago gaindituko genukeela eta galera ekonomikoak txikiagoak liratekeela; eta nola ez, heriotza gutxiago, sufrimendu gutxiago eta osasun sistema kolapsatu gabe. Kirolari baten lesioa izan daiteke alderaketa egokia. Lehiaketara lehenago iristeagatik mina erabat sendatu gabe kirolean hasi eta geldirik egoteko denbora luzatu behar izatea. Horrelako zenbat ezagutu ditugu!
Tolosara itzuliz, Iurreamendi aipatu beharra dago aurrena.
Erresidentzietako langileak hilabeteak daramatzate borrokan lan baldintza duinen alde. Egun bizi dugun krisiarekin, langileen falta, lan baldintza prekarioak, material egokiaren faltak egoerari aurre egiteko zailtasun gehiago sortu ditu, langileak eta adineko pertsonak arrisku bizian jarriz.
Egungo egoeran eta baldintza horiekin, langilegoaren profesionaltasuna, konpromisoa eta gizatasuna azpimarratu nahi ditut. Dena ematen ari dira eta nire babesa eta esker ona adierazi nahi nieke hemendik. Aiton-amonei eta senitartekoei ere nire gertutasuna eta maitasuna adierazi nahi diet.
Iurreamendiko egoitza udalaren ardurapean egon ez arren, egoera ikusita, bertako egoiliarren eta langileen osasuna eta kutsatzeak babesteko proposamen bat luzatu genion Udal Gobernuari orain dela aste bat baino gehiago.
Zer proposamen da hori?
Laburbilduz, Iurreamendi egoitzako egoiliar zein langile guztiei testak egin eta negatiboak diren kasuetan, egokiak izan daitezkeen Tolosako beste eraikinetara egoiliarrak lekualdatzea proposatu genuen.
Pertsonekin jarraituz, laguntza sareak bezalako ekimenak sortu dira herrian.
Euskal Herrian komunitate senak, auzolanak, garrantzia handia izan du beti. Tolosan 180 pertsona inguruk izena eman dute laguntza emateko. Oso pozgarria da horrenbeste jenderen borondate ona eta laguntzeko prestutasuna ikustea. Hasieran adierazi dudan bezala, guretzat garrantzitsua izan da denok era koordinatuan lan egitea; beharrak antzeman, baliabideak antolatu eta erantzun egoki eta koordinatua ematea funtsezkoa da. Bestetik, laguntza sareko kideek, ekimen eta proposamen ugari dituzte eta horiek beste eragileok izan ditzakegunekin partekatzea oso aberasgarria iruditzen zait. Begirada desberdinak irtenbide aproposagoak topatzeko lagungarriak dira beti.
Ekonomiaren arloan, sektore guztiak ukitu ditu. Lehen sektorean, azken egunetako eztabaida azoka izan da. Zure jarrera asteazkenean argi utzi zenuen.
EH Bilduren jarrera oso argia izan da, eta agintean gauden herri gehienetan azokak mantendu dira eta azpimarratu nahi nuke, saltoki handietan baino arrisku gutxiagorekin egin direla salerosketak. Tolosaren kasuan gure kezka handiena ekoizleen produktuei irteera ematea izan da. Ekoizleekin hitz eginda, azpimarratu digute, salmenta zuzena dela gehienen lehen aukera. Ekoizleei salmenta zuzena bi egunetan egitea (ekoizle gutxiago egun bakoitzean) eta etxez-etxeko salmenta uztartzea (banaketa aukera ezberdinekin) izan da egin dugun proposamenetako bat. Beti ere azpimarratuta, azoka baino, salbuespen egoerako bertako produktuen salmenta berezia dela.
Industria eta zerbitzuak ere hor daude. Hilabetea sarrerarik gabe baina gastuak ordaintzen ari direnak; langabeziara joan direnak... Udal batek zer egin lezake horrelako egoeraren aurrean.
Hasteko, Udal zerga ezberdinak egungo egoerara egokitu. Bestetik, ahulenen egoeraren diagnostikoa egin eta herritar guztien oinarrizko bizi baldintza duinak bermatzeko neurriak hartu eta Gizarte Zerbitzuetako laguntza lerroak zabaldu beharrezkoa balitz, adibidez: elikagaiak erosteko, oinarrizko hornikuntzak ordaintzeko laguntzak sortu edo osatu. Zaintzarako laguntzak sortu (kontratazio berriak egiteko edo soldatarik gabeko baimena hartu dutenentzat). Itxita dauden komertzio txikientzat zein ostalarientzat diru laguntzak sortu. Diru sarrerarik gabe gelditu diren familiei alokairua zein mailegua ordaintzeko laguntzak sortu… Hau dena, Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik zein estatutik etor daitezkeen laguntzen osagarri izan beharko litzateke. Beste laguntzak estaltzen ez dituen beharrak osatu beharko lituzke udalak. Laguntzen proposamen bat lantzen ari gara eta aste honetan bertan aurkeztu nahi genuke.
Bestetik, herritarron solidaritatea eta inplikazioa eskatuko lukeen beste proposamen bat lantzen ari gara: jarduera ekonomikorik gabe dauden merkatari, ostalari, gremio, fisioterapeuta, ile-apaintzaileei… erosketa bonuak eskaintzea. Hau da, herritarrok orain erosten dugu bonua, eta behin jarduera ekonomikoa berriz ere martxan jartzen denean erabiliko genuke. Jendea animatzeko udalak bonuak saritu zitzakeen (%20a adibidez). Komunitatea indartzeko ekimen interesgarria iruditzen zaigu.
Eta aurrerantzean zer?
Krisi honek agerian jarri du zer den garrantzitsua eta zer ez. Oso prekarizatuta ditugun lanbideen garrantzia lehen lerrora ekarri du; saltokietako langileria, zaintzaileak eta garbitzaileak. Bestetik, kalitatezko osasun publikoaren garrantzia agerian geratu da. Adineko pertsonen zaintza duintzearen beharra (zaintza lanak duindu eta zaintzaileak zaindu), eta batez ere, zaintzak eta osasunak ezin dutela negozioaren parte izan azpimarratu. Zerbitzu horiek pribatizatzeak prekarizazio handia ekarri duela ikusi da. Eta maila zabalago batean, ama lurra hiltzen eta desoreka ikaragarriak sortzen dituen merkatu ekonomiko honen logika makabroa irauli beharko genuke, energia kontsumoa murriztu eta burujabetza energetikorantz abiatu (energia garbi eta berriztagarriekin), gure kontsumo ohiturak berrikusi, urruneko komertzioa mugatu, tokiko komertzioa indartu, elikadura burujabetza bultzatu, komunitate izaera sendotu, mugikortasun geografikoa mugatu…
Laburbilduz, hazkunde etengabean oinarritutako ekonomia baztertu eta garapen jasangarrirantz eta justizia sozialean oinarritutako jendartera abiatzearen beharra agerian geratu da krisi honen ondorioz.