Koronabirusa

Maskarak banatu dituzte herriko zenbait gunetan

Ataria 2020ko api. 17a, 10:54

Garraio publikoa erabiltzen duten herritarren artean ahoa eta sudurra babesteko maskarak banatu ditu aste honetan Udaltzaingoak Tolosako autobus geltokietan eta Hiribusean.

Maskara kirurgikoak dira, eta Covid-19aren hedapena saihestea dute helburu; Renfek ere banatu ditu tren erabiltzaileen artean. Maskara kirurgikoek zein etxean egindako maskarek ez dute erabateko babesa bermatzen, baina birusa hedatu ez dadin laguntzen dute. Izan ere, maskara mota hauek ahoa eta sudurra babestu, eta gaixo dauden pertsonek birusa ez zabaltzea ahalbidetzen dute. 

Hainbat maskara mota daude herritarren eskura, babes maila eta erabilera ezberdinetakoak, jarduera motaren arabera sailkatuta, eta horiek erabiltzea bezain garrantzitsua da maskarak modu egokian jartzea eta kentzea, eta gainerako babes neurriak erabiltzen jarraitzea: norbanakoen artean metro eta erdiko edo bi metroko distantzia mantentzea eta eskuak maiz garbitzea. 

Maskarak jende ugari pilatu daitekeen lekuetan erabili behar dira, segurtasun distantzia mantendu ezin den kasuetan; oso garrantzitsua da ahoa eta sudurra ondo estaltzea, eta maskararen aurreko aldea eskuekin ez ukitzea. Maskara belarri atzean geratzen diren gometatik tira eginez kendu edo jarri behar da, eta bustitzen edo zikintzen bada beste batengatik ordezkatu. Erabiltzen ez den uneetan maskara poltsa itxi batean gorde behar da, eta maskara jarri aurretik eta kendu ondoren eskuak garbitu behar dira. 

Bestalde, udalak eskualde osorako materiala jaso berri du eta brigada arduratuko da jasotako maskara eta eskularruak banatzeaz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!