Koronabirusa

Aisialdirako baratze ez profesionaletan jarduteko baimena dago

Ataria 2020ko apirilaren 16a

Agindu berriei jarraituz, aurrerantzean baratza profesionalak ez dituzten herritarrek ere beren uzta ereiteko eta jasotzeko aukera izango dute. Edozein kasutan, segurtasuna bermatzen jarraitzeko, Iurreamendiko Baratze Parkeko etxola itxita mantenduko da.

Aisialdirako baratze ez profesionaletan jarduteko debekua altxatuta, baratzea duten herritarrek eremu partikular horietan duten uzta jaso eta berria erein ahalko dute. Hala, Iurreamendiko aisialdirako baratzeak berriz erabili ahal izango dituzte bertako erabiltzaileek. Edonola ere, eta erabiltzaile horien osasuna babeste aldera, Baratze Parkean dagoen etxola ezingo da erabili; beraz, aldagelak itxita egongo dira.

Iurreamendiko aisialdirako baratzeetan 70 erabiltzaile inguruk jarduten dute. Hala, oraindik indarrean dauden segurtasun neurriak jarraituz, erabiltzaileen arteko fluxuak ekidin behar dira. Horregatik, norberak etxetik eraman beharko ditu baratzerako beharrezkoak diren erremintak, etxolan jasoak daudenak ezingo direlako erabili. 

Landatzeko aukera zabaltzearekin batera, herritarrek zein baratzea duten profesionalek aukera dute baita ere landare eta haziak ereiteko. Horiek eskuratzeko, zuzenean hornitzaileengana jo beharko da, etxez etxeko edo zuzeneko zerbitzuak erabilita. Beraz, landareen salmenta aipatutako bideetatik bakarrik egin ahalko da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!