"Lehenaldira bisitak daude poemetan, baina ez dira han geratzeko"

Jon Miranda Labaien 2020ko api. 16a, 19:57

'Moskito' bosgarren poema liburua kaleratu du, azkenekoa argitaratu zuenetik hamaika urtera datorrena; Besteak beste, nazioaz, aitatasunaz, bikoteaz eta heriotzaz ari da.

Bost ataletan banatuta eman ditu poemak Igor Estankonak (Artea, 1977) Susa argitaletxearekin kaleratutako lanean. Bosgarren poema liburua du Tolosan bizi eta literatur kritikari bezala ere aritzen den idazleak.

Hamaika urteren ondoren kaleratu duzu 'Moskito'. Urte guzti hauetan idatzitako poemak dira bertan bildutakoak?

Poema batzuk hamaika urte dauzkate eta beste batzuk orain dela hiru hilabete bukatu nituen. Etapa guzti hori hartzen duen poemarioa da Moskito.

Zergatik hainbeste urtetako isilunea?

Arrazoi askorengatik. Liburu baten ostean beti horrelako etenaldi bat behar izaten da. Nik, behintzat, behar izaten dut. Bizipenez bete behar izaten dut barrua eta beste estetika batzuk, beste idazle batzuk ezagutu behar izaten ditut. Denbora batez, behar dut gehiago irakurle izan idazle baino; behar dut gehiago ikusle izan egile baino. Hortik aparte, lau seme-alaba jaio zaizkit denbora honetan eta lanari eta familiari emana egon naiz. Tarteak ere ez dira hain kalitatezkoak izan beste liburu bat atera ahal izateko. Baina, tira, etorri da etorri behar zuen garaian.

Urte hauetan guztietan segitu duzu literaturaren munduari lotuta.

Bai. Poesian zentratu naiz batik bat, zeren liburua hartu dezakezu, bertan dagoen poema bat irakurri, eta gero utzi. Batez ere euskarazko poema liburuak atera ahala kritikak idatzi izan ditut Argia-n eta Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian. Horrek ahalbidetu dit ez galtzea haria eta ikusi ahal izan dut beste egile batzuk zertan ari ziren. Balio izan dit, baita ere, entretenitzeko. Txandakatu dut idazketa bat tantakakoa, gero Moskito-ra eraman nauena, eta literatura kritika.

Irakurri dituzun poeten lanek eragina izan dute orain idatzi duzun honetan?

Bai. Joseba Sarrionandiak esango lukeen moduan, izkiriaturik aurkitu duzu zure poema besteek idazten duten horretan. Mendeetan zehar errepikatzen ari gara poetok. Sekretua, askotan, ez da gaia eta poema bera, baizik eta ahotsa eta tonua aurkitzea. Horren bila ibili naiz urte hauetan, Moskitok ere izan zezan doinu edo dardara bat berezia.

Bost ataletan banatuta dago liburua baina ez duzu gaika antolatu. Zergatik?

Gaika antolatuta egon zen momentu batean, eman nion antolaketa hori, baina oso astun geratzen zen, gai bakoitzak bete egiten baitzintuen. Orduan erabaki nuen beste ordena bat ematea liburuari. Ez da oso logikoa, nahikoa kaotikoa da, baina errazagoa da irakurlearentzat, nire ustez.

Arinagoa egiten du liburuaren erritmoa?

Bai, zeren tartekatu egin ditut poemak, astunak eta arinak, gai batekoak eta bestekoak. Atseginagoa egiten da bata bestearen ondoan jarrita. Ez da liburu lodia, baina idazlea beti ahalegindu behar da hari bati tiraka irakurlea eramaten.

Aitatasuna, maitasuna eta heriotza bezalako gaiak ageri dira, baina horrekin batera, baita gai sozialagoak ere.

Bai. Nire poesia zertxobait jarraitu duenak badaki beti liburu guztietan erreserbatzen ditudala lerro batzuk auzi nazionalari eskaintzeko, edo hainbat auzi sozialen oihartzuna egiteko. Ez dira oso esplizituak. Ez dut hortik politika altua egiten. Egiten dudan bakarra da inarrosten nauten gauzak aipatu eta injustiziak iruditzen zaizkidanak tonu poetiko batekin helaraztea.

Aurreko liburuetan baino distantzia handiagoarekin begiratu diezu gai horiei?

Bai, akaso bai. Urteek aurrera egin ahala, guztiok eszeptikoago bihurtzen gara. Eszeptikoago baino, kontua da ez dugula lehen momentutik sinesten bidaltzen diguten edozein kontsigna, ez gaudela hain prest artaldeari jarraitzeko. Poema sozialenetan ere uste dut nire ikuspuntua ematen dudala eta ez direla, zentzu horretan, soflama batzuk.

Gero naturako elementu asko ere ageri dira liburuan.

Bai. Betidanik gustatu izan zait naturarekiko kontaktua. Beti interesatu izan nau horrek. Nire jaioterrian, Artean, etxetik irten eta Gorbeiako atean zaude. Beti jo izan dugu basora eta gero igartzen da hori poemetan.

Izen asko ageri dira liburuan, toki izenak dira horietako asko. Baina gutxi Tolosalde ingurukoak.

Egia da. Ez nuen orain arte analisi hori egin. Nik uste dut grabatuta geratzen zaizkigunak lehenengo urteetako tokiak direla. Hazten ari zaren urteetan ezagututako lekuak dira gero zure Arkadia galdua. Horregatik hainbeste Orozko, Zeberio, Arteako lehenagoko jendea... Nire paisaia sentimentala da hori, ez da Tolosakoarekin alderatuta ezberdina, baina hori da nirea. Izan zitekeen, Urkizu edo Montezku, baina Elexabeitia eta bertako errekastoak dira agertzen direnak.

Atzera begirakoa bada liburua, baina ez duzu nostalgiaz idatzi. Liburuak badu aurrera begirako indarra?

Bai. Aurkezpenean esan nuen bezala memoria egitea batzuetan ekidin ezina da, denoi gustatzen zaigu lehenaldia bisitatzea eta hura edertzea eta idealizatzea. Baina ez nuen horretan geratu nahi, pauso bat aurrera eman nahi nuen. Lehenaldira bisitak daude poemetan baina ez dira han geratzeko idatziak, aurrera begira jartzeko baizik. Lehenaldian ainguratuta geratzea ez dut uste egokiena denik.

'Moskito' honetan zure ahots hori aurkitzea kosta egin al zaizu?

Bai, kosta egiten da, eman egin behar zaio. Poema batek hasieran, zirriborroan, forma bat dauka, baina zuk nahi duzun musika atera dezan eman egin behar zaio. Zentzu horretan poema deformatu egiten da, aldatu egiten da, baina nik uste dut erritmo aldetik emaitza osoa bada eta mezua helarazten badu, ez zuzenean, zeharka-zeharka, poesiaren bideetatik, orduan ontzat ematen dugula.

Idazle ofizioak ematen al du trebezia?

Bai. Nire burua, modu nahikoa esajeratuan, Dante Alighierireki alderatzen dut. Hari irakurtzen diozunean badakizu lan asko dagoela atzean, bera ere eman eta eman ariko zela. Baina hain emaitza arinak lortzen dituzte zenbait idazlek, pentsatzen duzula berezkoa dutela gaitasuna. Juan Kruz Igerabide irakurtzen dudanean ere berdina pentsatzen dut. Baina gero ez da berezkoa dutela, egitearen eta urteetako esperientziaren emaitza da.

Zer nolako kritikak jaso dituzu 'Moskito' liburua kaleratu ondoren?

Orokorrean iritzi onak bildu ditut. Harrituta nago. Moskito da irakurleak ikusten duen hori. Batzuei irudituko zaie kriptikoa, besteei urruna, besteek esango dute ez dela beraiei gustatzen zaien poesia mota. Baina dena emanda eginda dago, %100. Nik uste dut hori sumatzen duela jendeak. Nire poesiaren zalea denak liburu eder bat egin dudala uste du. Eta poesia mota hori maite ez duenarentzat ere liburuak badauzka bere lizentziak, bere klabeak, bere jolasak. Liburu aberats bat egiten ahalegindu naiz, horrek dibertitzen bainau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!