Koronabirusa

Oroimenak

Erabiltzailearen aurpegia Natalia Garmendia 2020ko apirilaren 20a

Zenbat gauza antolatuko eta berrantolatuko nituen azkenengo asteotan...

Susmorik ez nuen zenbat gauza gorde daitezkeen etxe baten barruan, eta gainera, jakin ere egin gabe oraindik hor zeudela, gorde-gordeta. Horrelako itxialdi batek erakutsi dit, nire kasuan behintzat, zer-nolako garrantzia daukaten bota ez ditudan gauzak... Honela, iraganaren momentu asko berreskuratzeko aukera eman dit egoerak. Batez ere, fisikoki dauzkagun oroimenak berreskuratu ditut, une txiki batez badira ere. 

Orain arte izan eta gertatu dena, garenaren eta izango garenaren zatia delako; gorde dezagun

Uste dut gutariko askok armairu garbiketa potolo bat egin dugula etxean egunotan. Gauza asko botako genuen, baina beste asko, berriro ere, gorde ditugula ziur naiz. Nire kasuan, garai bateko argazkiak izan dira berriz gorde ditudan objektuak, oraindik jaio gabe nengoeneko argazkiak ere aurkitu ditut, aurreko mendeko istantak. Ez dut ezer gehiago behar izan garai bateko irudi hauek berreskuratzeko, gaur egun ezinezkoa iruditzen zaiguna, off line, analogiko eran. Eta... nostalgiak besarkatu nau, eta horietako irudi batzuekin irudi handiago bat eratu dut, eskuz, koadro batean itsatsiz, eskuak zikinduz... berriro ere off line. Iraganaren zatitxo bat ukitzeko aukera eman dit, garai batean izan gineneko momentu horiek berriro nolabait bizitzeko aukera izan dut, orain gurekin ez daudenen oroimena geuregana ekarriz, garenaren oinarriak errepasatzeko aukera izan da. Izan ere, orain arte izan eta gertatu dena, garenaren eta izango garenaren zatia delako; gorde dezagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!