Azken bi asteetako etenaldiaren ondoren, hainbat lan arlotako jarduerei berriz ekin ahal izan zaie aste honetan. Geldirik dauden obrei berrekiteko lanean ari da udala; hortaz, herriko hainbat gunetan hasita zeuden edo martxan jartzekoak ziren lanak pixkanaka jarriko dira berriz ere martxan. Horretarako, lan bakoitzeko kontratistekin, obra zuzendariekin eta prebentzio teknikariarekin harremanetan jarri da aste honetan bertan udala, lanen egoera aztertu eta bakoitzari berriz hasiera noiz eman erabakitzeko.
Martxoaren 10az geroztik, martxan ziren San Frantzisko pasealekuko 41 zenbakiko eremuko lanak. Geldialdiaren ondoren, horiek jada berriz ere martxan jarri ditu udalak. Irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanen barruan, espaloiaren kota igo egingo da eta zorua berrituko da. LED argiak ere jarriko dira energiaren eraginkortasuna areagotzeko. Halaber, estolda-zuloak berritu eta euri-urak biltzeko sarea ere berrituko dira. Guztira, 115.413,47 euroko kostua izango dute lanek, BEZ-a gehitu gabe.
Larramendi auzoan ere hainbat konponketa egitea aurreikusia zuen udalak, eta horiei berriz ere ekingo zaie datozen egunetan. Alarma egoera ezarri aurretik, aurtengo asfaltatze lanak gauzatu behar zituen udalak, baina egoerak hala behartuta bertan behera geratu ziren. Lan horien antolaketa egungo egoerara egokitu beharko da berriz, eremu horietako bizilagunen artean ahalik eta eragin gutxiena sortzeko.
Bestalde, konfinamendua indarrean dagoen bitartean, galarazita jarraituko dute etxebizitzetako obrek, betiere lan horiek etxeko zein inguruko bizilagun eta langileen arteko fluxuak sortuko badituzte. Hortaz, segurtasuna bermatze aldera, horiek, momentuz ezingo dira gauzatu.