Koronabirusa

Online klaseen derrigorrezkotasuna kentzea eta beharrezko edukia soilik ematea eskatu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 15a, 16:50
Artxiboko argazkia

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak (TAS) Laskorain Ikastolan, Orixe institutuan eta Herrikide eskolan "borroka irekiko" duela azaldu du.

TAS-etik azaldu dutenez "denboraldi zaila izaten ari da honakoa ikasle langileontzat". Egoera horri aurre egiteko, lehenik eta behin, Ikasle Abertzaleaken dinamikarekin bat egiten dutela iragarri dute. "Funtsean honakoak dira dinamika honetan aldarrikatzen diren sei puntuak: 1) Orain arteko online ikasketa plana bertan behera utzi eta ikasketa prozesua beharrezko materialaren lanketara mugatzea. 2) Konfinamendua hasi zenetik eginiko lanen balio akademikoa bertan behera geratzea. 3) Ohiko selektibitate eredua bertan behera geratzea. 4) Ikastetxeak itxita egon diren epean ordaindutakoa itzuli eta hemendik aurrera ez ordaintzea. 5) Lanbide Heziketa dualeko ikasleen praktika egutegia errespetatzea. 6) Agintari politiko eta hezkuntza ordezkariek ikasle langileon antolakundeekin elkarrizketa mahaiak sortzea".

TAS-en esanetan aldarri horiek guztiz zilegizkoak dira: "Ziurgabetasuna, desegonkortasuna, klaseak normaltasunez jarraitzeko baldintza falta... nabarmentzen diren egun hauetan, ikasleoi normaltasunez ikasturte akademikoarekin jarraitzea exijitzen digute. Inoiz baino etxeko lan gehiago jasotzen ditugu, edukiaren kalitatea eta berau barneratzeko baldintzak inoiz baino okerragoak direnean".

Ikasleekin ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen ari direla salatu dute TAS-etik: "Ikasleon baliabide materialak, etxeko egoera edo egoera emozionala kontuan hartu gabe, normaltasun osoz aurrera egitea exijitzen digute. Argi dago ez dagoela inongo baldintza errealik ikasleria behar bezala ebaluatzeko".

Horregatik eta IA-ren dinamikarekin bat eginez, programaren lehen puntua egikaritzeko borroka irekiko dutela iragarri dute TAS-etik, eskualdeko batxilergoko Laskorain Ikastolan, Orixe institutuan eta Herrikide eskolan. Bi puntu hauek aldarrikatuko dituzte:

  1. Online klaseen derrigorrezkotasuna kentzea
  2. Beharrezko edukia soilik ematea: 1. Batxilergoa: Eduki osoaren murrizketa planteatzea eta garrantzitsua dena soilik ematea. 2. Batxilergoa: Selektibitatean sartzen diren ikasgaietan, selektibitaterako beharrezkoa den materia soilik ematea. Selektibitatean sartzen ez direnetan, aldiz, bertako materiaren sakontzea ikaslearen esku geratzea.

Azkenik, egoera honi aurre egiteko ikasleen antolakuntzaren garrantzia azpimarratu dute. Ikasleri osoari luzatu die gonbitea, prozesu honetan parte har dezaten eskatuz. Edozein zalantza edo arazo izanez gero, eurekin harremanetan jartzea eskatu dute. Horretarako, tolosaldeakoas@gmail.com helbidea zabaldu dute, baita @tolosaldeako twitter kontua eta tolosaldeako_as instagram helbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!