Dagoeneko osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko lanean ari dela adierazi du Tolosako Udalak. Olatz Peon alkatearen hitzetan, "indarrean dagoen aurrekontua krisi aurrekoa da, eta, beraz, beharrezkoa da dokumentua berrikusi eta egoera berrira egokitzea, lehentasunak aldatu direlako". Horrez gain, adierazi dutenez, egungo testuinguruan, "nabarmen" egingo dute gora inbertsio sozialak eta ekonomikoak. "Hortaz, ezingo dira gauzatu aurreikusitako proiektu guztiak”, gaineratu du.
Lehenik eta behin, udalaren finantza-egoera aztertuko da, diru-sarrera eta gastuen arteko oreka mantentzeko. Izan ere, jakitun dira diru-sarrerek behera egingo dutela. "Ogasun, Gizarte Zerbitzu eta Garapen Ekonomikoko Sailek funtsezko zeregina izango dute, une honetan lehentasuna babes sozialak eta garapen ekonomikoak dutelako”, nabarmendu du Peonek. Era berean, adierazi du behar berriei erantzuna eman diezaieketen proiektuak edota zerbitzuak ere identifikatuko dituztela, "Tolosaren biziberritze sozio-ekonomikoa sustatuko duten proiektuak indartzeko".
Plan bat helburu
Alkateak iragarri duenez, aste honetan bertan deituko du Hiri Ekonomiaren Mahaia, "udalerriko eragile ekonomikoekin diagnostiko bateratua egiteko". Alkateak gidatuko du mahaia eta udaleko Ogasun saileko eta Herritarren arloko arduradun politiko eta teknikoek hartuko dute parte. Horiez gain, herriko eragile desberdinetako ordezkariak ere izango dira: Tolosa&Co merkatarien elkartea, Jaurlaritzako merkataritza teknikaria, ostalaritza sektorea, Tolomendi, Tolosaldea Garatzen, herriko hotel eta nekazal-turismoa eta Topic museoa.
Sektore bakoitzaren errealitatea, zailtasunak eta beharrak ezagutu ondoren, krisiaren eragina arintze aldera, behar handiena duten sektore eta kolektiboei babesa eta laguntza eskaintzeko plan bat egitea da helburua. "Badakigu Covid-19ak gogor kolpatu dituela merkataritza, ostalaritza, lehen sektorea, zerbitzuen sektorea eta Tolosako enpresa txiki eta ertainak; horregatik, indarrak batuta lan egin behar dugu", adierazi du alkateak. Diagnostikoa egin eta plana zehaztu ondoren, hartutako neurrien eta herritarren eskura jarritako laguntzen berri emango du udalak.
Lehentasunen aldaketa
Peonek azaldu duenez, "orain arte, egoerari eustea, gaitzaren hedapena geldiarazteko beharrezko neurriak hartzea eta bereziki, tolosarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea izan dira lehentasunak. Gure ahalegin eta baliabide guztiak herritarren beharrei erantzutera bideratu ditugu, eta lehen neurri fiskalak ere hartu ditugu, gainerako erakundeekin koordinatuta eta elkarlanean, krisiaren ondorioak arintzeko". Horrela jarraituko dutela iragarri du alkateak, "herritarrei erantzun integrala emateko".
Erabateko normaltasunera itzultzeko denbora beharko dela esan du alkateak. "Herritarren ongizatea bermatzen jarraitzeaz gain, orain funtsezkoa da krisiaren eragina gutxitzeko, behar gehien duten sektore eta kolektiboei babesa eta laguntza eskaintzeko plan bat garatzea”. Hori dela eta, udal gobernutik adierazi dutenez, jada hasiak dira datozen aste eta hilabeteotarako neurri eta proposamenak lantzen.