Koronabirusa

Eider Mendozari gezurra esatea leporatu diote Iurreamendiko testen kasuan

Ataria 2020ko api. 15a, 13:25

ELA sindikatuak atzo jarri zuen epaitegian salaketa, diputazioaren eta adinekoen hiru egoitzen aurka, tartean, Tolosako Iurreamendi dago.

Iragarri bezala ELA-k atzo jarri zuen salaketa epaitegian, Tolosako Iurreamendi, Zumarragako Argixao, Ordiziako San Jose eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka.

Erabaki horren aurrean eta sindikatuari erantzunez, Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak, atzo, hiru egoitza horietako langile eta egoiliar guztiei test bikoitzak egin zaizkiela esan zuen: "Test azkarrak eta PCR-ak". Horrez gain, egoitza horietako pertsonal guztiak babesteko "material efizientea" duela esan zuen Mendozak. Azkenik, lankidetza eskatu zuen.

ELA sindikatuak atzo arratsaldean erantzun zien Mendozaren adierazpenei, bere hitzek eta errealitateak loturarik ez dutela leporatuz. ELA-ren arabera, hiru egoitzetako errealitatea ondorengoa da:

  • Tolosako Iurramendi egoitzan 16 egoiliar hil dira, eta erabiltzaileen ia %50ak eman dute positibo. Kutsatuta edo bajan dauden langileak plantillaren heren bat dira. Gainera, Aldundiko bozeramailea gezurretan ari da langile guztiei testa egin zaiela esaten duenean, enpresak berak aitortzen baitu gaur (atzo) bertan, ez zaiela testa egin langile guztiei.
  • Ordiziako San Jose egoitzan 68 egoiliarretik 28 hil dira, egoiliarren ia % 40; eta lau langile ospitalean egon dira osasun arazo larrien ondorioz. Egia da erabiltzaileei eta langileei testa egin zaiela; erabiltzaileei testa egoitza horretan hildakoen kopurua kezkagarria zenean egin zaie. Langileei, berriz, testa joan den astean egin zaie, langileen eta sindikatuaren salaketa ugarien ondoren. Gaur egun, aldundiak berak larunbatean bidalitako plastikozko poltsak dira aldundiko bozeramaileak adierazten dituen EPI osoak. Buzoak atzo (herenegun) hasi ziren iristen.
  • Argixaoko zahar egoitzan 25 langile daude bajan eta 7 dira jada hildako egoiliarrak. Langileen test-probak iragan astean hasi ziren, sindikatuak publikoki salatu zuenean sektoreko langileen % 70-ari ez zitzaiela testarik egin.

Tolosaldeko Atariak Iurreamendiko langileekin hitz egin du, eta hauek ondorengoa azaldu diote: "Orain arte langile guztiei ez zaizkie frogarik egin, batzuk adierazi duten bezala. Atzo hasi ziren horretan, baina noski, frogak pixkanaka egiten dira, eta ez denei batera".

Lankidetza

Lankidetzari dagokionez, ELAk ondorengoa adierazi zuen: "Martxoaren 18an, oraindik Gipuzkoako egoitzetan positibo kasu bakar bat ere antzeman ez zenean, ELAk idatzi bat bidali zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, lankidetzarako bere prestutasuan adieraziz. Gutun horretan, langileek sindikatuari helarazitako egoitzetan zeuden gabeziak azaltzen ziren, bai eta langile guztiei eta erabiltzaileei testak egiteko beharra adierazteaz gain, langileentzako EPIak eskatzen ziren. Gaur, apirilak 14, ia hilabete geroago, ez dago Aldundiaren partetik erantzunik gutun horri. Bestalde, ELA sindikatuko sektoreko arduradunak hainbat dei egin dizkio Gizarte Politikako Sailako arduradunei, baina orain arte ez dute inolako erantzunik jaso".

Epaitegian sartu duen salaketa testak egitetik askoz haratago doala esan zuen ELA sindikatuak: "Bai enpresek bai aldundiak langileen osasuna berma dezaten eskatzen da, datuak mahai gainean jarrita oso argi erakusten baitute ez direla bermatzen ari. Horrez gain, auzitegietan sartutako eskarian, gaur egun gidaliburu eta protokoloetan zehazten diren eta inola ere betetzen ari ez diren beste gai batzuk osorik betetzea eskatzen du sindikatuak".

Zerrenda horretan, besteak beste, ondorengoak aipatzen ditu ELA-k: "NBE-EPI homologatuko langile guztientzat; erabiltzaileak behar bezala sailkatzea; langileentzako prestakuntza eta kontingentzia-plan bat egitea, zeinak, besteak beste, jardueraren jarraipenerako planak langileen laneko bajak jasoko dituena...".

Amaitzeko, ELAk diputazioarekin eta enpresekin lankidetzan aritzeko borondatea duela esan zuen. "Behingoz kolektiboaren eta egoilarren osasuna berma dezaten. Langileen osasuna bateragarria izan behar du funtsezko zerbitzua aurrera eramatearekin. Osasuna ezin da bigarren mailan geratu, funtsezko zerbitzu baten aurrean gaudelako. Hain zuzen ere horregatik, krisi honetan bere jarduera gelditu ezin duten funtsezko zerbitzua delako, langileak bereziki babestu behar dira. Ezin dugu kutsatzea normalizatu, ez eta langileak beren lanpostura joatea bere osasuna edo/ta bizitza bera arriskuan jarriz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!