Aste Santutako jai egunetan Tolosako Udalak herritarrei laguntza emateko duen 010 telefono zenbakia ez da behar bezala aritu. Hori salatu dute hainbat herritarrek sare sozialetan, eta azalpenak eskatuta, udalak esan du telefono zenbakia martxan egon dela, baina hainbat arazo izan dituztela. "Larunbatean ohiko lokuzioa ez zebilen ondo. Jakin bezain pronto heldu zitzaion gaiari konponbide emateko. Hobetzeko kontuak badaude ere, telefonoa martxan da eta badabil. Zenbait telefono konpainiarekin arazoak ematen ditu 010ak, ez hala, udaleko 943 65 44 66 telefono zenbakiak. Fijotik deituta ez da arazorik. Beraz, orokorrean telefonoak ondo funtzionatzen du, salbuespenak salbuespen", esan du.
Horrek lotuta esan du, larrialdietako telefono zenbaki guztiak martxan direla eta Udaltzaingoak artatu dituela herritarren deiak, "herritarrak ez dira udalarekin ezin harremanetan jarri gelditu", esan du. "Edonola ere, gaia aztertzen aritu dira zubi osoan zehar, zinegotzi arduraduna, informatikaria eta enpresa arduraduna. Konponbideak emateko eta patroi bat bilatzen saiatzeko. Lanean jarraitzen dugu eta gaur bertan zerbitzua %100ean jartzea da helburu nagusia", gaineratu du Tolosako Udalak.