Koronabirusa

Kale garbiketa lehentasunetako bat dela esan du Tolosako Udalak

Ataria 2020ko apirilaren 13a

Hiribusa murriztea, TAO zerbitzua etetea eta hondakin bilketa moldatzea izan dira udalaren erabakietako batzuk. 

Tolosako Udaleko Egoitz Sorozabal Lurralde Arloko arduradunak esan du euren irizpide nagusia herritarren segurtasuna bermatzea dela eta horretara bideratu dituztela ekintza eta esfortzu guztiak.

Hartu dituzten neurrien artean nabarmendu du Hiribus zerbitzua murriztu eta egoera berrira egokitu dutela eta TAO zerbitzua hasieratik etetea erabaki zutela. Hondakin bilketa egokitu dutela gaineratu du. Kale garbiketari lehentasuna eman diotela eta kaleak desinfektatzen ari direla azaldu du. Horretarako kale garbiketa "sendotuz" eta garbiketan langile gehiago jarriz. 

Jada hasita zeuden San Frantsizko kaleko 41 eremuko asfaltatze lanak bertan behera uztea erabaki dutela esan du ere. Eta aurrekontuan jasotako hirigintza proiektuak berrikusten eta lehentasunak zehazten ari direla gaineratu du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!