Koronabirusa

"Herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea da udalaren eginkizun nagusia"

Ataria 2020ko apirilaren 12a

Xabier Balerdik, Tolosako Udaleko Antolakuntza arloko arduradunak, Koronabirusaren osasun krisiak Tolosako Udalean eragin dituen antolakuntza aldaketen berri eman du.

Egunetik egunera Errege Dekretuek herritarrengan aldaketak sortzen dituen bezala, udalean ere beste horrenbeste gertatzen dela jakitera eman du Balerdik. Honela, orain artean hartutako hainbat neurrien berri eman du udaleko Antolakuntza arloko arduradunak.

Esaterako, prebentzio protokoloei jarraiki,udal langileen artean txandak ezarri dituzte "kutsatzea ekiditeko" eta aurrez aurreko harremanak eten dira, baina herritarren arretak bere horretan jarraitzen duela gogora ekarri du Balerdik. Hori bai, "herritarrek telematikoki eta telefonoz" burutu ditzakete harremanak.

Hiru oinarrizko zerbitzu ezarri ditu Tolosako Udalak: gizarte zerbitzuak, Udaltzaingoa eta herritarren arreta zerbitzua. Honela, egunotan 010 telefonoan 300 dei baino gehiago artatu dituztela jakinarazi du Antolakuntza arduradunak.

OTAko langileak zeregin berrietara bideratu dituzte:  zamalanetarako guneen eta saltokien atarien zainketa. Eta brigadako langileak zein herri babeserako langileak "norbere babeserako materiala" banatzen ari direla aditzera eman du Tolosako Udaleko bozeramaileak.

Hau guztia kontuan harturik, Xabier Balerdik herritarrei mezua helarazi nahi izan die: "Herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea da udalaren eginkizun nagusia". Horretan lanean ari direnaren mezua zabaldu nahi izan dute honenbestez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!