Koronabirusaren eraginagatik, biktima eta gaixo gehiago daude Gipuzkoako zaharren egoitzetan. Bederatzi lagun gehiago hil dira azken orduetan eta 34ek positibo eman dute. Guztira, 5.425 pertsona artatzen diren 65 zentrotan, 76 pertsona hil dira orain arte, 296ek eman dute positibo eta 25ek gainditu dute gaixotasuna.
Azken orduetan bost lagun gehiago sendatu dira, horietan lau Irungo Caser Residencial Anaka zentroan. Guztira, hamar alta dituzte Irungo egoitzan, Iurreamendin, berriz, bederatzi, Hondarribiako Caser Residencial Betharramen hiru, eta Eibarko Egogainen beste hiru.
Hildako pertsonei dagokienez, berriz, Zarauzko Santa Anan, Ordiziako San Josen, Eibarko San Andres eta Egogainen, eta Donostiako Berran bizi ziren azken orduetan zendu diren bederatzi pertsonak. Guztira, 15 dira gutxienez positibo kasu bat duten Gipuzkoako egoitzak; 40 pertsona eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 35 daude ospitaleratuta.
Desgaitasuna duten pertsonen zentroei dagokienez, hainbat egun igaro dituzte aldaketarik gabe. Hala ere, azken orduetan Berriz 1 egoitzako egoiliar batek alta jaso du eta Donostiako Uliazpiren zentroan bizi den pertsona batek positibo eman du. Beraz, desgaitasuna duten 15 pertsonei eragin die birusak, hiru zentrotan: Donostiako bi zentroetan eta Hondarribiko batean.
Lanean, atsedenik gabe
Eider Mendozak esker mezua luzatu die gaixotasun honen aurkako borrokan murgilduta dauden pertsona guztiei, eta egoitza zentroetako ekipo profesionalak, osasun langileak, egoiliarren senitartekoak, baita erakundeak ere egiten ari diren lana "sekulakoa" dela azpimarratu du: “Atsedenik gabe ari gara lanean, gure esku dauden bitarteko guztiak ipiniz, birusaren hedapena gelditzeko, baita oraindik sartu ez den zentro guztietan sarrera oztopatzeko ere”.
Zentzu horretan, egoitzen, udalen eta Osakidetzaren lankidetzaren garrantzia nabarmendu du Mendozak, “giltzarria” izaten ari dena Txoke Planean bildutako neurri guztiak ezartzeko, Covid-19-ak sortutako “aurrekaririk gabeko” egoerari "modu estrategiko eta koordinatuan” erantzuna emateko martxan jarri dena.
Hartutako neurrien artean, zentroak jasotzen ari diren aholkularitza indibidualizatua, familia eta langileek duten laguntza psikosoziala (Telezaintzaren bidez: 900 43 43 43), suhiltzaileen laguntzari esker indartu diren desinfekzioak, ikuskapenen sendotzea, egoitzetako plantillen indartzea, eta Gureaken lankidetzari esker garbitegi, garbiketa eta sukalde lanetan jasotzen duten laguntza nabarmendu dituzte.