Villanuevaren ustez, "gizartea egiten ari den esfortzuaren mailan" egon beharko lukete politikariek, eta, alde horretatik, aldarrikatu du adierazpen instituzional berri bat idatzi behar dela, "planteamendu ideologikoetatik urrun, eta orain axola duena ardatz izango duena; izan ere, Tolosako gizarteak aliantza bat ikusi behar du gure udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztien artean, elkartuta, eta gure herriaren eta herritarren onerako borrokatzeko".
"Eskuin eta eskuin muturreko politikariak egiten ari diren erabilera lizunagatik eskandalizatzen garen bezala, EAJri eta EH Bilduri esan behar diegu ez dezatela politizatu Covid-19ren pandemia. Horregatik, bi indar politiko horiei, irmoki eskatzen diegu, Tolosako batasuna ez hausteko", dio Villanuevak. Azkenik, "udaletxean, Tolosako bandera egunero haga erdian jartzea" eskatzen du, "pandemia amaitu arte, koronabirusarekin hildakoak errespetatzeko, eta ez bakarrik Aberri Egunean, EAJk eta EH Bilduk proposatzen duten bezala".
Komunikatu berean, Tolosako PSE-EEk babesa adierazi nahi izan die Covid-19k eragindako pertsonei eta haien familiei, bai eta zendu direnei ere. Era berean, eskerrak eman dizkie pandemiaren aurka lan egiten dutenei, hala nola adinekoen egoitzako langileei, osasun-langileei, udaltzainei, suhiltzaileei, baserritarrei eta arrantzaleei. Horiek, ordezkariekin eta supermerkatuetako kutxazainekin batera, elika-katearen funtzionamendu egokia bermatzen dute, baita garbiketa- eta desinfekzio-lanetan aritzen diren garbitzaileei, baita Tolosako herritarren alde lan egiten ari direnei ere.