Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako egoeraren eguneko balantzea egin du, eta gaur 12 pertsona gehiagok jaso dutela alta azpimarratu du. Hala ere, azken orduetan 11 pertsona zendu dira, eta honako zentroetan bizi ziren: GSR Aretxabaleta egoitzan, Hondarribiako Caser Residencial Betharramen, Ordiziako San Josen, Donostiako Berran, Arrasateko Iturbiden eta Tolosako Iurreamendi egoitzan. Guztira 15 zentro daude Gipuzkoan Covid-19 kasu positiboak dituztenak.
Gaur-gaurkoz, guztira, 5.424 pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetan, 67 heriotza eman dira, 275 daude Covid-19n positibo emanda eta 21 sendatu dira. Horietatik 38 pertsona daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan eta 31 ospitaleratuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitza-zentroei bideratutako aholkularitza saioak indartzen jarraitzen duela adierazi Mendoza bozeramaileak.: "Osakidetzarekin kolaborazioan, adineko pertsonen egoitzetan Covid-19 eszenatoki desberdinen erabileraren inguruko jardunaldi batekin: Kasu positiborik ez duten zentroetako eremu prebentiboetatik, kutsatzeak dituzten zentroetako sektorizazio eta euste neurrietaraino”.
Telematikoki eman duten saioan, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sareko 175 profesionalek hartu dutela parte esan du. Itziar Landetak gidatu du saioa, Donostiako Ospitaleko Prebentzioko zerbitzuburuak. Saio honek, batez ere, zalantzak argitzeko, hausnarketak partekatzeko, eta neurri prebentiboen eta kontentziokoen inguruko ezagutza finkatzeko balio izan duela argitu dute foru aldunditik.