Koronabirusa

"Erakunde guztiekin elkarlanean ari gara, herritarrei erantzun integralagoa emateko"

Ataria 2020ko apirilaren 10a

Olatz Peon Tolosako  alkateak Prebentzio Mahaiak hartutako neurri nagusien eta ezarritako lehentasunen inguruko adierazpenak egin ditu. Lehen egunetik lehentasuna "herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea" izan dela, eta "gaur egungo egoerari erantzungo dion aurrekontua" ari direla lantzen esan du.

Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi duenaren arabera, larrialdi egoera ezarri aurretik, martxoaren 12an, Tolosako Udalean prebentzio mahaia osatu zuten, eta osasun krisi bat izanik, "lehen egunetik lehetasuna herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea izan zen". Hala, "herritarren beharrei erantzuteko helburuarekin" kolektibo ahulenengan "arreta berezia" jarrita izan dutela gehitu du: "Lehen arrisku taldea adineko pertsonak izanik, 70 urtetik gorakoekin jarri ginen harremanetan, eta euren beharrei erantzun zaie emergentziazko taldeak eta Zaintza Sarea Tolosaren bitartez". 

Bestalde, orain arte hartu dituzten neurri ekonomikoen berri ere eman du Tolosako alkateak: "Lehen neurri ekonomikoak ere hartu ditu udalak, gainerako erakundeekin koordinatuta, eta oraindik ere beste neurri batzuk lantzen bagabiltza, zergak atzeratu edota jabari publikoaren erabileragatiko tasa, esaterako". "Erakunde guztiekin elkarlanean" ari direla proposamen berriak aztertzen zehaztu du Peonek, herritarrei "erantzun integralagoa" emateko. "Gure aurrekontua krisi aurreko aurrekontua da, beraz dagoeneko bagabiltza gaur egungo egoerari erantzungo dion aurrekontua lantzen. Helburu nagusia izanik, "herritarren ongizatea bermatzeaz gain, hiri ekonomia berraktibatzea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!