Koronabirusa

Bost hildako gehiago adinekoen egoitzetan, horietako bat Iurreamendin

Ataria 2020ko apirilaren 9a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, azken orduetan beste pertsona bat hil da Tolosako Iurreamendi egoitzan. Guztira bost heriotza egon dira eta 16 positibo. 

Eguneroko datu bilketaren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiko Eider Mendoza bozeramaileak. Esan du Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan bost hildako egon direla, 16 positibo eta bederatzi alta. Azken heriotzak Tolosako Iurreamendin, Arrasateko Iturbiden, Ordiziako San Josen eta Donostiako Berran izan dira, azken horretan bi pertsona hil direlarik. Beraz, guztira, 5.425 pertsona artatzen diren lurraldeko 65 egoitzetan, bederatzi lagun sendatu dira, 56 hil dira eta 281k eman dute positibo Covid-19n.  Era berean, 31 pertsona eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 27 daude ospitaleratuta.

Bederatzi altei dagokienez, Mendozak esan du sintomarik gabe 14 egun igaro ondoren eta testetan negatibo eman eta gero eman dituztela. Horietatik sei, Irungo Caser Anaka Residencial zentroko egoiliarrak dira eta beste hiru Hondarribiko Caser Residencial Betharram egoitzakoak.  

Bozeramaileak adierazi du ere adineko pertsonek gaixotasuna gainditzea “itxaropentsua” dela, eta gaineratu du badirela pertsona gehiago sintomarik ez dutenak “eta espero dugu datozen egunetan ere berri onak ematen jarraitzea”. Mendozak, beste egun batez, eskertu du egoitza zentroetako talde profesionalak egiten ari diren lan “goresgarria”, eta animo eta indar mezu bat helarazi die gaixotasun honen aurka borran jarraitzen duten pertsona guztiei.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!