Osasun larrialdi egoera eta alarma egoera ezarri aurretik ere, martxoaren 12an jada udal gobernuak Prebentzio Mahaia eratu eta hainbat neurri hartzeari ekin ziola esan du Tolosako Udalak.
Martxan jarri zenetik, Prebentzio Mahaiak 50 neurri eta erabaki baino gehiago hartu ditu. Udal gobernuak horien guztien kontu eman nahi izan du konfinamenduaren 4. aste honetan, herritarrei modu gardenean hartu diren erabakiak eta martxan jarri diren eta indartu diren zerbitzuak azaltzeko.
Herritarren ongizatea helburu
Olatz Peon Ormazabal, alkateak adierazi duenez, "lehen egunetik hartutako neurriek helburu izan dute herritarren ongizatea eta bereziki, tolosarren segurtasuna bermatzea eta beren beharrei erantzutea, horixe izan da gure lehentasun nagusia". Esan du arreta berezia jarri dutela kolektibo ahulenen, kalteberatasun egoeran edota menpekotasun egoeran dauden pertsonengan eta horiei zuzendutako zerbitzuak berregokitu edota indartu egin dituztela. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeen edota adineko pertsonen kasuetan, adibidez.
Alkateak gogorarazi du bakarrik edo bikotean bizi diren adineko pertsonei banan-banan deitu zaiela beren egoeraren berri izateko eta beharrik ba ote duten jakiteko, ondoren, atzemandako behar horiek bideratzeko. Halaber nabarmendu du, "funtsezko zerbitzu gisa ezarri genituen hasiera hasieratik Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Herritarren Arreta Zerbitzua, tolosarrak modurik egokienean artatuak egon zitezen".
Lehen neurria
Horiek horrela, udal barruan ere lan sakona ekarri duela adierazi du alkateak, "hainbat langile berrantolatu ditugu, txandak ezarrita, langileen gehiengoa etxetik ari da lanean eta arreta bulego guztiak itxita daude". Udala, dena den, modu telematiko eta telefonikoan ari da herritarrak artatzen.
Hasieratik, beraz, Prebentzio Mahaiak hainbat zerbitzu eta jarduera etetea eta eraikin publikoak zein edukieragatik beste hainbat eremu ixtea erabaki zuen, horien artean: Leidor, kiroldegia, musika eskola, kultur etxea eta liburutegia, besteak beste.
Hiribus zerbitzua ere murriztua da eta TAO zerbitzua bertan behera utzi, baita azoka ere, "jende pilaketak ekiditeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, izan ere, hartutako neurri guztiek izan dute helburu kutsatzeak saihestea eta herritarren segurtasuna ziurtatzea".
Indartutako zerbitzuak
Bestalde, beste hainbat zernbitzu indartu dituztela gogoratu du alkateak, kale garbiketarena eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arreta zerbitzuarena, aipatuz. Kale garbiketa indartzeaz gain, desinfektatzaileak ere erabiltzen hasia da udala espazio publikoak garbitzeko. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei dagokienez, zerbitzua 24 orduz jarri da martxan.
Komunikazioa ere areagotu da, bai kanpora eta baita barrura begira ere, "udalak eskura dituen bide guztiak erabilita". "Covid19ari buruzko atal berezia ere sortu da gai honen inguruko informazio guztia gune batean herritarren eskura jartzeko eta berriki WhatsApp zerbitzua ere jarri da martxan herritarren zalantzak modu zuzenean erantzuteko", gaineratu du.
Gizarte Zerbitzuetatik ere, jangela sozialeko erabiltzaileen beharrak asetzeko kudeaketa lanak egin dituztela esan du, eta jada Zutani elkartekoak Peñaskal Kooperatibako kideen laguntzarekin, elikagaiak banatzen ari direla nabarmendu. Abegi zentroa ere egunez eta gauez zabaldu da, Peñaskaleko ordezkariekin batera, kalean bizi diren pertsonak artatzeko. Etxez-Etxeko Arreta Zerbitzuaren jarraipen estua ere egin dute, behar berriei erantzuteko, eta oro har, Gizarte Zerbitzuetatik beharrezkoak izan diren zerbitzu guztien koordinazio lana egin dutela aipatu du.
Aisialdiari lotuta, on line eskaintza zabala jarri du udalak herritarren eskura: kirola egiteko APP, ikastaroak, gazteentzako eskaintza berezia, baita Aste Santurako ere eta agenda kultural interaktiboa, besteak beste.
Herri Babeserako taldearen eta brigadaren eskutik, norbere babeserako materialaren banaketa egin da eta egiten jarraituko da: Iurreamendin, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko langileen artean, Udaltzaingoan, zabalik dauden saltokietan eta abar.
Neurri ekonomikoak erakundeekin koordinatuta
Alkateak nabarmendu du era berean, beharrezkoa dela neurri eta proposamen ekonomikoak gainerako erakundeekin koordinatuta lantzea. "Dagoeneko lehen neurriak hartu dira: kiroldegiko kuotak izoztu dira, hainbat zergen ordainketa atzeratu da eta ekoizleen produktuak merkaturatzeko 2 egitasmo jarri dira martxan, dena den udala proposamen berriak ere aztertzen ari da".
Horren haritik alkateak jakinarazi du, "gainerako erakundeek martxan jarritako laguntza lerroak aztertzen ari gara udaletik horiek osatzeko; dagoeneko baditugu proposamenak mahai gainean eta datozen egunetan horien berri emango dizuegu, krisi egoerak aurre egin ahala, orain, 2020ko aurrekontuak berraztertzea eta neurri ekonomikoak hartzea dagokigu, tolosarren ongizatea bermatzen jarraitzeaz gain, gure hiri ekonomia babestu eta suspertzeko, horixe izango da, datozen hilabeteotan gure helbururik nagusiena: herritarrei gure laguntza osoa eskaintzen jarraitzea".