Tolosako Udalak, Gizarte Zerbitzuak sailaren bidez, 1.272 dei egin ditu bakarrik edo bikotean bizi diren 70 urtetik gorako pertsonen beharrak ezagutu ahal izateko. Udalak esan duenez, "pertsona horien egoeraren berri izatea eta dituzten beharrak bideratzea" izan da dei horien helburua. "Guztira, 73 pertsonek eskatu dute laguntza: 70 pertsonek erosketak egiteko eta gainontzekoek telefono bidezko laguntasuna eta arreta jasotzeko", zehaztu du.
Herritarrek esker ona azaldu dutela esan du udalak eta "elkarrizketa atseginak" ere sortu direla. "Pertsona gehienek beharrak asetuta dituztela adierazi dute, eta dagoeneko laguntza badutela jakinarazi dute, familiarte edota bizilagunekin moldatzen ari baitira".
Beste hainbat ere jarri dira zuzenean udalarekin harremanetan 010 telefono zenbakira deituta. Orotara, beraz, 73 pertsonek eskatu dute laguntza eta eskakizunak Zaintza Sarea Tolosako boluntario taldearen bidez bideratu dira.
Hiru ardatz
Boluntario taldea hiru ardatz nagusitan banatuta ari da herritarrei laguntza eskaintzen. Batetik, bazterkeria egoeran eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonei zuzenduta ari dira lanean, Peñaskal Kooperatibaren eskutik, eguneko eta gaueko arreta, eta oinarrizko beharrak asetzeko banaketak eginez Zutani elkartearekin lankidetzan. Bestetik, Adinkide programaren bidez, bakardadea sentitzen duten adineko pertsonei laguntzen diete. Azkenik, Gurutze Gorriaren programaren bidez erosketak eta bestelako tramiteak egiten laguntzen diete adindunei.
70 pertsonek eskatu dute erosketak egiteko laguntza, eta gainerakoek, Adinkidek eskaintzen dien telefono bidezko arreta eta laguntza jasotzeko nahia eta borondatea azaldu dute.
Udalak azaldu du laguntza boluntario taldearekin koordinatuta eskaintzen ari direla eta Gizarte Zerbitzuen sailak helarazten dizkiola indentifikatutako beharrak boluntario taldeari, hauek behar horiei erantzun ahal izateko.
Herriko baliabideen koordinazioa eta eraginkortasuna bermatze aldera, boluntariotzan ari diren eragile guztiek eta Tolosako Udaleko teknikariek lantaldea osatu dute: Gurutze Gorria, DYA, Adinkide, Herri Babesa, Peñaskal Kooperatiba, Auzolanean Tolosa eta udala. Talde hori egunero biltzen da egoeraren jarraipena egin eta lanak koordinatzeko.