Koronabirusa

Whatsapp zerbitzu berria, zalantzak argitu eta galderak egiteko

Ataria 2020ko api. 8a, 11:49

Komunikazioaren alorrean urrats berri bat eman nahi izan du udal gobernuak; hori dela eta, WhatsApp zerbitzua abiarazi du, alkatearekin zuzenean harremanetan jartzeko. Tolosarrek 688 768 458 telefono zenbakira idatzi ahal izango dute, eta zerbitzua martxan izango da larrialdi egoerak iraun bitartean.

Udal gobernuak urrats berria egin nahi izan du komunikazioaren alorrean eta alkatearekin zuzenean harremanetan jartzeko WhatsApp zerbitzua abiarazi du. Zerbitzua martxan izango da larrialdi egoerak iraun bitartean. "Gertutasunak eta komunikazioak izugarrizko garrantzi hartu dute bizi dugun egoera honetan", diote udaletik.

Gauzak horrela, hain aldakorra den larrialdi egoera honen inguruan zalantzarik izanez gero tolosarrek 688 768 458 telefono zenbakira idatzi ahal izango dute eguneko edozein momentutan. Olatz Peon alkateak ahalik eta azkarren erantzungo ditu jasotako galderak, kezkak, zalantzak edota ekarpenak. Peonek adierazi duenez, “larrialdi egoera honetan garrantzitsua da herritarrengandik gertuago egotea, zuzeneko komunikazioa izatea, eta ahalik eta modurik egokienean eta azkarrenean beren zalantzak argitzea; horixe da zerbitzu honen helburu nagusia”.

Herritarrak zerbitzu berria erabiltzera animatu ditu alkateak. “Lasai jarri gurekin harremanetan, lasai egin galderak. Zuen zalantzek azterketa sakonagoa behar duten kasuetan, horiek aztertu eta ahalik eta azkarren erantzungo dizuegu, ezinbestekoa iruditzen baitzaigu tolosarrekin zuzeneko komunikazioa izatea”.

Amaitzeko, udalean oraindik hainbat eta hainbat neurri aztertzen ari direla gaineratu du. “Ez dakigu krisi sanitario, ekonomiko eta sozial honek zein ondorio utziko dizkigun, baina horiei aurre hartu eta aurre egiteko lanean gabiltza gainerako erakundeekin elkarlanean, herritarren ongizatea bermatzen jarraitzea eta gure hiri ekonomia babestea izango dira gure lehentasun nagusiak, Tolosak aurrera egiten jarraitu dezan".

Ondorioz, herritarrek eskura dituzten telefono zenbakiak gogorarazi dituzte:

  • 010. Udalarekin harremanetan jarri eta laguntza eskatzeko (indarkeria matxista kasuetarako, Zaintza Sarearekin harremanetan jartzeko, Gizarte Zerbitzuekin edota Udaltzaingoarekin hitz egiteko...).
  • 112. Larrialdietarako.
  • 900 20 30 50. Osasun aholkuak jasotzeko. Sintomak izanez gero, ohiko osasun zentrora deitu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!