Koronabirusa

«Egia da ohitu egin naizela; hasieran okerrago pasatu nuen»

Ataria 2020ko api. 8a, 17:00

Nerea Eizagirre Realeko jokalariak zuzeneko bat egin zuen igande gauean Realeko Instagram kontutik. Zaleen galderei erantzun zien tolosarrak.

Realeko emakumezkoen eta gizonezkoen talde nagusiko jokalariak ez dira ari elkarrizketarik ematen konfinamendu garaian. Prentsaurrekoak eta zuzenekoak egiten ari dira, kazetariek eta zaleek egindako galderei erantzunez. Igande gauean Nerea Eizagirreren (Tolosa, 2000) txanda izan zen, eta Realeko Instagram kontuaren bitartez zuzenekoa eskaini zuen. Galdera eta komentario ugari jaso zituen, eta tarteka, bere zenbait taldekide eta zale gonbidatu zituen parte hartzera zuzenekoan. ATARIA-k, zaleek egindako hainbat galdera eta Eizagirrek emandako erantzunak jasoko ditu.

Zerk bultzatu zintuen futbolean hastera?
Txikitatik gustatu izan zaizkit kirol guztiak, baina argi nuen futbola zela gehien gustatzen zitzaidana. Futbolean jokatzea ametsa zen niretzat, eta orain hementxe nago.

Ze musika jartzen duzu partida baten aurretik?
Autobusez joaten garenean, nire aurikularrak jartzea gustatzen zait eta nire gauzetan pentsatzea. Musika euskaraz entzutea gustatzen zait, eta Hesian da gehien gustatzen zaidan taldeetako bat. Gero, aldagela barruan, ez dizut gezurrik esango, reggaeton asko entzuten dugu.

Nola sentitu zara, 32 urte eta gero, Kopako final batean egotean?
Polita da. Finalean egotea eta irabaztea lan honek emandako oparia izan zen. Ohore bat da azkenean titulu bat irabaztea, baina lanean jarraitu beharra daukagu, eta ea beste bat lortzeko aukera dugun.

Ze kirol egiten zenituen futbolaren aurretik?
Kirol asko praktikatu ditut. Betidanik izan naiz kirolaria. Txikitatik mutilekin ibiltzen nintzen futbolean, saskibaloian, eskubaloian... Igeriketa ere egiten nuen. Beti gustatu izan zait kirola egitea, baina oso argi izan dut futbolaria izan nahi nuela, hori zen nire ametsa.

Zein taldetan hasi zinen jokatzen?
Tolosarra naiz, eta lehen bi urteetan Tolosa CF-n jokatu nuen. Gero Añorgaren eskaintza izan nuen. Bi urte egon nintzen Añorgan, eta hirugarrengoan Realak fitxatu ninduen. Realera iritsi aurretik lau urtez aritu nintzen futbolean, eta orain Realean laugarren denboraldia egiten ari naiz. Dena oso azkar joan da, eta azkenean lortu dut nire ametsetako bat, Lehen Mailan jokatzea eta Realean egotea.

Nor zen zure idoloa txikia zinenean?
Egia da jokalari asko gustatzen zaizkidala. Gaur egun jokalari pila bat daude. Gizonezkoen futbolean Griezmann da gustukoena, betidanik gustatu izan zait. Realean zegoenean asko ikusi nuen. Eta emakumezkoetan Jenni Hermoso. Nire ustez ligan daukagun jokalari onena da.

Zure ibilbidearen unerik onenean zaudela uste duzu?
Beno, nik uste dut oraindik gaztea naizela, eta asko dudala hobetzeko. Entrenamendu bakoitzean hobetzen jarraitzea da buruan dudana, eta egunero jokalari hobea izatea. Oraindik 20 urte ditut eta nire maila hobetzeko bide horretan nago; uste dut oraindik gehiago eman dezakedala.

Nola ari zara entrenatzen berrogeialdian?
Goiz osoa normalean ikasten aritzen naiz. Irakasle ikasketak egiten ari naiz, eta Internet bidez ditut klaseak. Gero, bazkaldu eta partida bat jolasten dut familiarekin kartetan. Ondoren, atseden pixka bat hartzen dut eta bostak inguruan kirola egiten hasten naiz, bi ordu inguru. Normalean indarra eta core egiten dut, eta gero saiatzen naiz korri egiten eta bizikleta estatikoarekin aritzen naiz. Zazpiak inguruan, nire amarekin telesailak ikusten ditut. La casa de papel ikusten ari gara orain. Afaldu, eta goiz joan ohi naiz ohera.

'Nerea Eizagirre Kirol Campusa' egingo duzu? [Ekainaren 29tik uztailaren 10era Berazubin egitekoa zen]
Ez dakit egingo den. Oraindik ez dakigu liga jokatuko dugun ala ez, eta jokatzen badugu noiz arte luzatuko den. Hala ere, aurten ez bada, hurrengo urtean egingo dugu campusa.

Realean jarraituko duzu?
Aurten ez zait kontratua bukatzen. Gustura nago hemen eta Realean jarraitu nahi dut.

Faltan botatzen duzu entrenatzera joatea?
Ba, bai. Faltan gehien botatzen dudana entrenatzera joatea da. Oso pertsona aktiboa naiz, eta etxean egotea zail egiten zait. Egia da ohitu egin naizela, lehen egunetan okerrago pasatu bainuen. Baina zaindu egin behar dugu, eta ea laster pasatzen den hau guztia. Garrantzitsuena da denok ondo egotea, eta egon behar dugun denboran egongo gara etxean.

Zer egingo duzu berrogeialdia bukatzerakoan?
Lehenengo gauza baloi bat hartu eta entrenatzen hastea izango da. Horrez gain, lagunekin egotea. Garrantzitsua izango da orain egon ezin garen horiekin egotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!