Tolosako Arriaran Avia gasolindegiko langileek bost hilabete daramatzate lan baldintza eta soldata duinak eskatzen. «Une gogorrak dira guztiontzat, kezkagatik, beldurragatik, baina ezohiko egoera honetatik atera eta lehenbailehen normaltasuna berreskuratzea espero dugu», diote. Gainera, lanuzte mugagabean daude, otsailaren 18az geroztik. «Grebari esker, enpresak eta langileok, bi aldeentzat bidezkoa zen akordio ekonomiko bat lortu genuen».
Hain justu, langileen arabera, akordio batera iristea besterik ez zitzaien falta, «guretzat arrazoizkoa zen eta baldintza guztiak betetzen zituen egutegia egiteko. Bada, orain, horri buruz erantzunik ez izateaz gain, enpresak ez du hitzartutakoa onartzen, koronabirusaren krisia alegatuz. Kudeatzailearen arabera, behera egin dute salmentek, eta, berreskuratzen hasiz gero, hobekuntza horiek atzeraeraginezko izaerarik gabeko baldintzekin egingo lirateke, hau da, hilabete eta erdi langile bakoitzarentzat, eta salmentak gauzatu ondoreneko hirugarren hilabetetik aurrera emango lirateke. Gainera, surrealista den litro kopuru jakin bat saldu behar dugu hilean».
Une «dramatikoak»
Bestalde, jakitun dira gizarteak bizi dituen uneak «dramatikoak» direla. «Hala ere, kudeatzailea adarra jotzen ari zaigula dirudi, bi aldeen adostasuna lortu arren, hitzik ez duela erakutsi duelako. Lanuztea hasi zenetik, uneoro urratu du grebarako eskubidea. Enpresa gai da krisi hau aise jasateko, oso negozio errentagarria delako, eta izan delako. Are gehiago, langileei soldata ordaindu ez, eta etekinak, gutxi badira ere, enpresarentzat eta bere arduradunarentzat direnean». Helburuak lortu arte, borrokan jarraitzeko prest daude. «Konfinamenduan jarraituko dugu, baina, ahal denean, kargara itzuliko gara, Tolosaldea mobilizazio eta aldarrikapenekin betez».