Koronabirusa

Udaberri Gaztea programa online garatuko da aurten

Ataria 2020ko api. 7a, 10:52

Aste Santuko jai egunetarako ekintza bereziak prestatu ditu Tolosako Gazte Topaguneak. Apirilaren 14tik 19ra izango dira, goizero eta arratsaldero, Instagram bidez. Bestetik, Gaztematika sareak galdeketa bat jarri du martxan, 10 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta, itxialdia nola bizitzen ari diren jakiteko. 

Asko dira azken asteetan Tolosako Topaguneak proposatutako ekintzetan parte hartzen ari diren gazteak, eta udaleko Gazteria Sailak, egitarau berezia prestatu du Aste Santuetako egunetarako ere. Datozen egunetan ere, martxa berarekin jarraituko du; Covid-19aren ondorioz, aurtengo Aste Santuetarako prestatutako egitaraua ere online izango baita. Hala, apirilaren 14tik 19ra bitarte, goizero eta arratsaldero, hainbat ekintza egingo dituzte Instagram bidez.

Goizetan (11:00-12:30), asmakizunak, galderak edota aholkuak zabalduko dituzte Topaguneko hezitzaileek Buruari eragin! izenburupean. Arratsaldero (18:00), berriz, ekintza desberdin bat egingo dute gazteek: asteartean eta igandean Pinturillo txapelketa, asteazkenean erronka bati erantzun beharko diete, ostegunean ariketa fisikoa egingo dute Just Dance jokoa erabiliz, ostiralean etxetik egindako pintxoen lehiaketa egingo dute, eta larunbatean eskulana eta Nora bidaiatu nahiko zenuke? izenburupean argazki katea. Ekintza guztiak Topagunearen Instagram kontutik jarraitu daitezke. 

600 jarraitzaile

Geroz eta gehiago dira Tolosako Topaguneak proposatutako ekintzetan parte hartzen ari diren gazteak, eta dagoeneko ia 600 jarraitzaile ditu Instagram kontuan. Azken asteetan, gora egin du jarraitzaile kopuruak, eta ekintzetan parte hartzen duten gazteen kopurua ere igo egin da. Etxetik irten gabe egon beharrak eta ekintza ezberdinen bidez gazteek euren artean harremanak mantentzeko ematen dien aukerak eragina izan du igoeran.

Instagrameko Stories atalera igotzen dituzten edukiak, batez beste, 210 gazte inguruk ikusten dituzte, eta ekintzaren arabera, 40 gazte izaten dira parte hartzen dutenak. Kopurua ez ezik, publikoa ere aldatu egiten da, adinak eta ekintzari buruzko interesak eragin zuzena baitu. Instagram konturik ez duten hainbat gazterekin Whatsapp bidezko komunikazioa ere mantentzen dute Topaguneko hezitzaileek. Gazteak zein hezitzaileak biltzen dituen taldea ere sortu dute, eta bertatik ere lantzen dituzte Instagram bidez proposatutako edukiak.

Gaztematikaren galdeketa

Beste hainbat talde edo kolektiborentzat bezala, gazteentzat ere ez da erraza izaten ari itxialdi egoera hau. Izan ere, gazteen garapen psikologikorako faktore garrantzitsua da aisialdia eta adin bertsuko beste gazte batzuekin interakzioan egotea. Hala, gazteek itxialdia nola bizi duten jakin nahi du Gaztematika sareak, eta Nola ari zara bizitzen itxialdia? izeneko galdetegia zabaldu du sarean, 10 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Gaztematika sarea Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak eta Gipuzkoako Udalek osatzen duten sarea da.

Galdetegi horren bidez gazteen iritzia eta bizipenak bildu nahi dituzte, jasotako erantzunak aztertu eta etorkizunera begira landu beharreko proiektuetan kontuan izateko. Tolosako Udaleko Gazteria sailak eta Tolosako Topaguneak ere bide horretan egiten dute lan. Hala, Gaztematika sarearen bidez zabaldu duten galdetegia betetzera animatzen dituzte Tolosako gazteak ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!