Koronabirusa

Herritarren beharrei erantzuteko prest

Ataria 2020ko api. 7a, 10:21

24 orduz zabaldu dute Abegi zentroa, kalean bizi diren pertsonak artatzeko. Bestetik, Babes Zibileko eta Brigadako langileak materiala banatzen ari dira; ostiralean EPI material berria jaso zen Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua eskaintzen duten langileentzat, hilerrian lan egiten dutenentzat eta Udaltzaingoarentzat.

Martxoaren 29an, igandea, zabaldu zituen berriro ateak Abegi zentroak, kalean bizi diren pertsonak artatzeko. Udalak aurreko astean irekitzea aurreikusten bazuen ere, tenperaturen jaitsiera zela eta, lehenago zabaltzea erabaki zuten. Hasieran, gainera, gauez soilik ireki zen, baina dagoeneko gau eta egun ari da zerbitzua ematen, Peñascal Kooperatibako bost kideren laguntzarekin; larrialdiak iraun bitartean, haiek arduratuko dira zentroaren kudeaketaz.

Alarma egoeraz geroztik, udalak oinarrizko zerbitzu gisa izendatu ditu Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Herritaren Arreta Zerbitzua. "Guztiak buru belarri ari dira lanean herritarrei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko eta tolosarren beharrak artatzeko". Gizarte Zerbitzuetatik, besteak beste, kalteberatasun egoeran edota menpekotasun egoeran dauden eta behar bereziak dituzten pertsonen beharrak bideratzen ari dira, esaterako, jangela sozialeko erabiltzaileenak, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua jasotzen dutenenak, Eguneko zentrora joaten diren eta orain ezin dutenenak, edota indarkeria matxista jasaten duten emakumeenak. Elikadura bankuko erabiltzaileei, Peñascaleko boluntarioen bitartez banatuko zaie janaria. Adineko pertsonen kasuan, 70 urtetik gorako pertsonei deiak egiten jarraitzen dute egoeraren jarraipena egin eta beharrak atzeman eta erantzuteko. Udate, Herritarren Arreta Zerbitzua, zabalik da telematikoki eta telefono bidez, tolosarren zalantzak eta kezkak argitu eta herritarrei beharrezko duten informazioa emateko. 300 dei baino gehiago jaso dituzte orain arte.

Udaltzaingoa ere hainbat lan gauzatzen ari da azken asteetan, lehen egunetan arau-hauste gehiago izan ziren eta zenbait espediente zabaldu behar izan bazituzten ere, herritarrak, oro har, ondo erantzuten ari dira, eta beraz, tolosarrek dituzten eguneroko beharrei erantzuten dabiltza udaltzainak: deiak jaso eta horiek artatu, kontrolak gauzatu beharrezkoa den eremuetan kontrolak gauzatu, eta bereziki laguntza eskaini. "Herritarren lasaitasunerako, kaleak desinfektatzeko erabiltzen ari diren produktuak etxeko animalientzat kaltegarriak ez direla" azpimarratu nahi izan dute Udaltzaingotik.

Bestalde, aurpegia babesteko pantailak egiten ari dira, egunero, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan. Dagoeneko Iurreamendin eta zabalik dauden Tolosako saltokietan horietako hainbat banatu ditu Babes Zibilak, baina eskualde osorako egiten ari dira. Horregatik, udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete egiten ari diren lanagatik eta beren laguntzagatik. Halaber, ostiralean iritsi zen eskualde osorako EPI materialaren bigarren txanda. Oraingoan, aurpegirako maskarak eta eskularruak Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua eskaintzen duten langileentzako, hilerrian lan egiten dutenentzako eta Udaltzaingoarentzako izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!