Koronabirusa

Zerga batzuen ordainketa atzeratu du udalak

Ataria 2020ko api. 7a, 09:56

Zirkulazio-zergaren borondatezko ordainketa ekainaren 30era arte luzatuko da eta OHZ-rena, abuztuaren 1etik irailaren 15era. Bide publikoaren, terrazen eta merkatuen okupazioari dagokionez, egindako erabilera bakarrik kobratuko da.

COVID-19k eragindako osasun larrialdiaren eta alarma egoeraren aurrean, lehen zerga-neurriak hartu ditu Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamenaren haritik, modu koordinatuan jarduteko. Herritarrei, egoeragatik beren negozio itxi behar izan duten tokiko merkatari eta ostalariei, eta udalerriko enpresa txiki eta ertainei laguntzea da hartutako eta hartuko diren neurrien helburua. Neurri horiek lehen urratsa baino ez direla berretsi dute udalek, eta Ogasun Sailak hainbat aukera aztertzen jarraitzen duela.

Martxoaren 14an amaitu ez diren likidazioen eta data horren ondoren hasitako likidazioen borondatezko ordainketarako epeei dagokienez, ekainaren 1a arte luzatuko dira. Atzeratu egingo da Zirkulazio Zergaren borondatezko ordainketa, ekainaren 30era; OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) ordaintzeko borondatezko epea, berriz, abuztuaren 1etik irailaren 15era izango da. Bide publikoaren, terrazen eta merkatuen okupazioari dagokionez, egindako erabileraren arabera kobratuko da tasa.

Erakunde eta eragileekin elkarlanean

Gainerako erakundeekin "era koordinatuan" dihardu udalak, "ezohiko egoerari erantzun integrala emateko". Eragile ekonomikoen intereseko informazioarekin plataforma digitala sortu du Foru Aldundiak, eta laguntza ekonomikoei buruzko gida praktikoa ere kaletartu du. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak abian jarritako laguntzak osatzeko hainbat neurri eta alternatiba aztertzen eta eragileekin kontrastatzen ari da udala, "herriko merkataritzari, ostalaritzari eta enpresa txiki eta ertainei laguntzen jarraitzeko helburuarekin".

Une honetan, "pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatzea eta bizitzen ari garen krisi sanitario, ekonomiko eta sozialak sortutako beharrei erantzuten jarraitzea" dira udalaren lehentasunak. "Aurrerantzean, tokiko ekonomia suspertzea lehentasunezko kontua izango da, eta hori gainerako erakundeekin eta eragileekin elkarlanean gauzatuko da". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!