Gipuzkoako egoitza sarean guztira 178 kasu positibo eta 28 heriotza antzeman dira, Eider Mendoza bozeramalearen arabera. Azken egunean bi hildako izan dira, bata Tolosako Iurreamendiko egoitzan bizi zen. Ataria-k jakin duenez, positibo berriak 11 dira Tolosako egoiliarren artean. Hiru langilek ere positibo eman berri dute.
Bestalde, foru aldundiak azaldu duenez, aldi baterako etxera itzultzea eskatzen duten egoiliarrek, etxeko egonaldia errazteko laguntza teknikoak izango dituzte, baita laguntza ekonomikoak ere, "egoitza zentrotik irteten diren egunaren biharamunetik zentrora itzultzen diren egunera arte, hilabetero 424€-ko laguntza jasoko dute 1 eta 2 mailako mendekotasuna duten pertsonek, eta 338€-koa 3. mailako mendekotasunarekin baloratutako erabiltzaileek", azaldu du Eider Mendozak. Laguntza hauek egoitza publikoetako, pribatuetako eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonek jaso ahal izango dituztela gehitu du. Era berean, bozeramaileak zehaztu du etxera itzultzea eskatzen duen pertsona orori plaza mantenduko zaiola, eta ez zaiola horregatik kobratuko.