ToloTribial jolasa martxan, astelehenetik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 2a, 17:41

Tolosako Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Twitter bidez parte hartu ahal izango da. Aukerazko hiru erantzun dituen galdera jarriko da egunero, 09:00etan; mota askotako galderak izango dira, denak Tolosarekin lotutakoak. Asmatzaileen arten zine bonuak zozkatuko dira.

Tolosako Udaleko Kultura sailak ToloTribial jokoa jarriko du martxan astelehenean, apirilak 6. Isolamendu egoerak irauten duen bitartean, aukerazko hiru erantzun dituen galdera bat jarriko dute goizero, 09:00etan, Twitterreko @tolosaagenda kontuan. Galderak mota askotakoak izango dira, baina denak Tolosarekin lotutakoak. Herriko historia, geografia, kultura, artea, kirola edota jaiak ezagutzera ematea da jolasaren helburua. 

Parte hartzeko, galdera bakoitzak izango duen inkestan kilik egin beharko da, eta ondoren, txioa idatzi beharko da erantzun zuzena iruditutako aukerarekin. Galdera bakoitzaren erantzun zuzena arratsaldean jakinaraziko da kontuan bertan. Lehiaketa astelehenetik igandera egingo da, eta erantzun zuzena eman dutenen artean sariak izango dira: zine programazioaren hurrengo sasoirako hilabeteko bonua. Saridunak apirilaren 13an jakinaraziko dira. 

Bestalde, Tolosako kulturaz online gozatzeko eskaintza guztia modu bateratuan kontsulta daiteke Tolosako Udalaren webgunean. Irudi interaktibo bat egokitu da webguneko agenda atalean, eta bertan bateratu dira hainbat baliabide. Pixkanaka eskaintza handitzen joango da, eta baliabide gehiago jarriko dira herritarren eskura. 

Haur Liburuaren Eguna

Gaur, apirilak 2, Haur Liburuaren Eguna ospatzen da, eta Hans Christian Andersen idazlearen jaiotzaren urtemuga ospatzeko, Tolosako Haur Liburutegiak familia giroan egiteko ekintza bat proposatu du, herriko umeei eta gazteei zuzenduta.

Hala, gaurtik aurrera eta hilabete osoan zehar, 0-8 urte bitarteko umeek dituzten familiek etxean ipuin kontaketa saio bat egin, sakelakoarekin grabatu eta bideoa Whatsapp aplikazioaren bidez haur txikiak dituzten ezagunei, senideei edo gelakide diren haurren gurasoei zabaltzea proposatu dute. Egitasmoa gauzatzeko hainbat aukera ere proposatu dituzte liburutegitik: kontalari paperean gurasoak edo haurrak jartzea, libururik gabeko istorioak kontatzea, edo asmatutakoak kontatzea, besteak beste. Kontaketa laburra izatea gomendatu dute.

Bestalde, eta 9-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta, ipuinak kontatu ordez Booktuber bihurtzeko proposamena egin diete. Hala, bideoa ipuin kontaketa batena izan ordez, gustuko duten liburu baten inguruko gomendioa grabatu eta hori gelakideekin edo lagunen artean banatzea proposatu dute.

Ekintza honen bidez, OEPLIk (Haur Liburuarentzako Espainiako Erakundeak) bere lau atalekin batera (Galtzagorri Elkartea, Haur eta Gazte Liburuaren Kontseilu Orokorra, CLIJCAT eta Asociación Galega do libro Infantil e Xuvenil) Haur Liburuaren eguna ospatzeko antolatutako deialdiarekin bat egin nahi du Tolosako Haur Liburutegiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!