Koronabirusa

Zer dira birusak?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2020ko api. 3a, 20:09

Egunotan askotan entzuten ari garen hitza da: birusa. Gaurko nire helburua ez da koronabirus berriari buruz gehiegi hitz egitea, beste konturik ez dago, baina orokorrean birusak zer diren azaldu nahiko nuke. Hasteko, ohar txiki bat. COVID-19 ez da birusaren izena, birusak eragiten duen gaixotasuna baizik. Birusaren izena SARS-CoV-2 da.

Zer da birus bat, ordea? Lehenik eta behin, jakin behar dugu birusak ez direla bizidunak. Edo bai. Egia esan, ez dago argi birusak bizidunak diren edo ez, eta hori eztabaidagaia da zientzialarien artean. Bizidunak bizidun dira hiru funtzio betetzeko gai direlako: nutrizioa kanpoko elikagaiak hartzea, erlazioa ekosistemarekin elkarrekintzak izatea eta ugalketa antzeko ondorengoak izatea. Birusak ez dira gai bizi-funtzioak bere osotasunean betetzeko eta horregatik dago zalantzan bizidunak diren edo ez. Hain zuzen ere, birusak ez dira gai haien kabuz ugaltzeko. Zelula ostalari baten beharra dute birus berriak egin eta ugaltzen jarraitzeko.

Birusak ez dira gai haien kabuz ugaltzeko. Zelula ostalari baten beharra dute birus berriak egin eta ugaltzen jarraitzeko.

Birusak tamaina oso txikikoak dira, ehun nanometro ingurukoak. Horrek esan nahi du, gutxi gorabehera, ile baten zabaleran mila birus errenkadan jar daitezkeela. Egiturari dagokionez, birusak material genetikoa dira. Nolabait, birusaren kopia gehiago egiteko beharrezkoa den informazioaren gidaliburua litzateke material genetikoa. Informazio genetiko hori proteinazko geruza batek babesten du. Geruza horrek hainbat forma izan ditzake. SARS-CoV-2 birusaren kasuan kanpoko proteina horiek koroa forma dute eta hortik datorkio koronabirus izena. Proteinazko babes-geruzaren gainetik ere beste mintz batzuk egon daitezke.

Esan bezala, birusak ugaltzeko beste bizidun baten beharra duten agente infekziosoak dira, parasitoak. Ez daukate metabolismo propiorik eta, horregatik, zelulak kutsatu behar dituzte haien kopiak egiteko. Nola gertatzen da prozesu hau? Bada, une jakin batean, birusaren kanpoko atal batek zelula ostalariaren atal batekin bat egiten du, giltza eta sarraila baten antzera. Une horretan, birusak zelulara sartzeko modua dauka eta, horrela, birusak bere material genetikoa pasatzen dio zelula ostalariari. Zelula ostalaria ez da konturatzen material hori ez dela berea, eta birusaren gidaliburua jarraituz birusaren kopiak egiten hasten da. Zelulak bere makineria guztia birusaren aginduetara jartzen du.

Birusak mugaraino ustiatzen du zelula ostalaria. Zelulak bere funtzioak betetzeari uzten dio eta birusaren kopiak egiten bakarrik jarduten du. Prozesuaren amaieran, gehienetan, zelula suntsitu egiten da eta barruan zeuden birus guztiak kanporatu egiten dira. Birus horiek beste zelula batzuk kutsatzera doaz eta, horrela, organismoan gaixotasuna hedatzen da. Horri aurka egiteko gure organismoak immunitate-sistema erabiltzen du eta, bereziki, sistema horren parte diren antigorputzak. Hala ere, birusari aurre egiteko gorputzak denbora eta osasun orokor ona behar ditu.

Birusaren aurkako borrokak bi emaitza posible ditu: organismoaren immunitate-sistemak irabaztea edo galtzea. Bigarrena gertatzen den kasuan, ostalaria hil egingo da edo kalte larriak jasango ditu. Hala ere, birusen arriskua ez da hori bakarrik. Kontua da gure gorputzaren eta birusaren arteko borrokak dirauen bitartean birusak beste organismo batera salto egin dezakeela borroka berri bati hasiera emanez. Horregatik egon behar dugu etxetik atera gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!