Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakitera eman zuenez, Gipuzkoako egoitzetan hiru hildako izan ziren bezperan. Horietako bat Tolosako Iurreamendin. Horrez gain, 17 positibo berri atzeman zituzten Gipuzkoako egoitzetan dauden adinekoen artean.
El Diario Vasco egunkariak gaur zehaztu duenez, Iurreamendin dagoeneko bost egoiliar hil dira; guztira 40 adinekok eman dute positibo eta langileen artean gutxienez 25 dira COVID-19a dutenak.
DV-ko Arantxa Aldaz kazetariak auxiliar baten lekukotza jaso du: "Egoera denontzat oso gogorra da, bai erabiltzaile, bai familia eta baita langileontzat ere". Horrez gain kezkaturik daudela dio, test-ak sintomak dituztenei bakarrik egin zaizkielako: "Pertsonal gehiago kutsaturik dagoen edo ez dakigu".
Langileek test-ak lan talde osoari egitea eskatzen dute, ez sintomak dituztenei bakarrik, ELA-k eskatzen duen bezala. Sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiari atzo azaldu zionez, egoitzetan material faltak oraindik arazo izaten jarraitzen du: "Erakundeak eta enpresak protokoloak betetzen direla diote, baina protokolo horiek material faltari begira eginikoak dira, eta ez oinarrizko segurtasun eta osasun baldintzei egotitutakoak".
Tolosako Udaletik azaldu dutenez, test-en inguruan ondorengoa jakinarazi diete: "Test-ak sintomatologia azaldu duten egoiliar guztiei egin zaizkie, baita positibo eman duten egoiliarrekin harremanetan egon diren langile eta bestelako egoiliarrei ere, sintomarik ez izan arren. Horregatik, positibo eman duten egoiliarren artean badira asintomatikoak (13 pertsona)".
Langileen positiboak
Tolosako Udalak argitu duenez, jaso dituen datuak publiko eginez, langileen positiboak 25 baino 17 dira. Tolosaldeko Ataria-k ere informazio hori jaso du Iurreamendiko langileen eskutik. Hemen udaletik zabaldu dituzten datuak:
EGOILIARRAK
59 test egin dira: 43k posibitibo eman dute (hildakoak barne). 16 negatibo.
KABIAKO LANGILEAK
Langileak: 16 negatibo eta 5 positibo.
ZU ETA BIOK
Langileak: 12 negatibo eta 12 positibo.