Tolosatzen Eskola Irekiko bigarren tailerra ere, online

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 1a, 17:45

Denboraren ezaugarriak ezagutzeko zenbait gako, ideia eta teknika irakatsiko ditu Larraitz Urrestillak, hilaren 6an eta 8an. Euskaraz eta gaztelaniaz emango da tailerra, eta bakoitzean hamar lagunentzako lekua egongo da. Jada zabalik dago izena emateko aukera.

Trebetasun sozialak lantzeko, sendotze soziokomunitarioa sustatzeko eta udalerriaren ezagutza bultzatzeko helburuarekin, martxoaren 12an jarri zen martxan Tolosatzen Eskola Irekiaren 2020ko egitaraua, Virginia Imazek, umorea eta emozioak uztartuz, Zerkausian eskaini zuen saioarekin. Martxoaren 26an eta 27an, berriz, Tolosatzen Eskola Irekia programan antolatutako tailerretan lehena eman zen, online: ‘Entzute aktiboa eta enpatia’, Larraitz Urrestillarekin.

Koronabirusak sortutako egoerara egokitzen jakin du Tolosatzen Eskola Irekiak, eta hasieratik zehaztutako helburuak betetzeko lanean dihardu Tolosako Udalak. Programak aurrera jarraitzen du, eta haren baitan antolatutako ‘Denboraren kudeaketa eta konpromisoa’ izeneko bigarren tailerra egiteko datak ere zehaztu dira. Hasiera batean maiatzerako iragarrita bazegoen ere, isolamendu egoeraren ondorioz, apirilaren 6ra eta 8ra aurreratu da; oraingoan ere online egin ahalko da ikastaroa.

Bi saio antolatu dira, bina ordukoak, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Gaztelaniaz emango den tailerra 10:00etatik 12:00etara emango da; euskaraz emango dena, berriz, 17:00etatik 19:00etara, bi kasuetan hilaren 6an eta 8an. Denera 4 orduko ikastaroa izango da, eta gehienez 10 lagunentzako lekua egongo da bakoitzean. Tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea Tolosako Udalaren webgunean egokitu den galdetegia erabilita. Interesa duena gaur bertan has daiteke izena ematen, eta igandera arte edo plazak agortu arte izango du aukera.

Eginbeharrak ondo antolatzeko

Kasu honetan ere, ikastaroa formakuntza pilula moduan emango da, eta interaktiboki formakuntza-gela gisa. Izena ematen dutenek, ikastaroa baino lehen irakurri beharreko dokumentu bat eta esteka bat jasoko dute. Saioa egingo duten egunean esteka horretan sartu beharko dira, eta orduan jasoko duten ID kodea erabiliz sartu ahalko dira ikasgela birtualera. Behin saioa amaitzen denean, e-mail bat jasoko dute saioaren edukiaren inguruko hausnarketa gida batekin.

Tailer honen helburua denbora kudeatzen ikastea izango da. Denboraren ezaugarriak zein diren ezagutu ahalko da eta denbora ondo kudeatzen jakiteko eta eginbeharrak ondo antolatzeko gakoak, ideiak eta teknikak ikasi ahalko dira, hartutako konpromisoak betetzeko eta horien jarraipena egiteko. Coaching eta mindfulness alorretan aditua den Larraitz Urrestilla tolosarrak emango du ikastaro hau ere. Pertsonen eta taldeen kudeaketan eta garapenean jarduten du, Gain coaching enpresako arduradunetako bat da, eta ‘El lider mindful’ liburua idatzi berri du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!