Koronabirusa

Azokako produktuak etxeraino banatzeko aukera

Ataria 2020ko api. 1a, 12:32

Tolosako Udalak Azoka zure etxera ekimena abiaraziko du aste honetan, ekoizleekin elkarlanean, elikagaiak saldu eta erosteko aukera bermatzeko helburuarekin. Eskariak telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz egin, eta elikagaiak etxera banatuko dira, ekoizle bakoitzak zehaztutako maiztasunaren arabera.

Koronabirusak sortutako osasun krisiak Euskal Herriko dozenaka herritako azokak geldiarazi edo errotik aldatu ditu. Arazoa gainditzeko, baina, egitasmo berriak aurkeztu dira herri askotan. Tolosan, esaterako, bi astez jarraian ez da azokarik izan, baina irtenbide bat aurkitu nahian ibili dira erakundeak eta ekoizleak, elkarlanean. Joan den astean, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, udalak, sindikatuak eta lehen sektoreko hainbat elkarte bildu ziren, nekazarien produktuak jaso eta merkaturatzen jarraitzeko prozesu bat adosteko. Elkarlan horren emaitza aurki izango da martxan, azoketako produktuen salerosketa ahalbidetzeko zerbitzu bat jarriko baita martxan, datozen egunotan, sareak eskaintzen dituen aukerak baliatuta.

Tolosako Udalaren babesa ere izango du proiektu horrek. Hala ere, aukera gehiago ere aztertzen eta lantzen aritu da udala, hainbat erakunderekin koordinatuta. Lanketa horren ondorioz, Jaurlaritzak eta Aldundiak sustatutako zerbitzuarekin osagarriak izango diren beste bi egitasmo jarriko ditu martxan udalak aste honetan. Horrela, jende pilaketak eta inguruko baserrietako uztaren galera ekidin nahi dira, tokiko ekonomia sustatzearekin batera.

Azoka, zure etxera

Tolosaldeko hainbat ekoizlek etxez etxeko elikagai banaketa abiatuko dute, eurekin zuzen-zuzenean harremanetan jartzeko aukera eskainiz. Tolosako Azokan postua jartzen duten ekoizle guztiekin harremanetan jarri da udala, iritziak jaso eta egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Oraingoz bederatzik egin dute bat egitasmo berriarekin, nahiz eta aurrera begira ere batzeko aukera izango duten gainerakoek.

Telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz eskariak jaso ondoren, norbere etxera banatuko dituzte. Eskariak egitean, baina, arduraz jokatzeko dei egin da. Eskaintza eta banaketa ekoizle bakoitzaren araberakoa izango da; batzuk eguneroko zerbitzua emango dute; beste zenbaitzuk bitan edo hirutan; eta bada banaketa guztia egun bakarrean egingo duenik ere. Banaketa egiterako orduan segurtasun eta osasun neurriak beteko dituzte ekoizleek. 

Hauxe da parte hartzaileen zerrenda:

Azoka herriko dendetan ere bai

Bestalde, eta Tolosa&Co Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, herriko janari-dendetan Azokako ekoizleen produktuak saltzeko lanean ari da udala. Elikadura establezimenduekin harremanetan jarri da, egitasmora batu nahiko luketen denden zerrenda osatzeko. Mezua jaso ez, baina interesa duten merkatariek udaleko merkataritza sailarekin jarri beharko dute harremanetan, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatziz.

Tolosako Udalak bertako ekoizle eta merkatarien konpromisoa goraipatu nahi du. Halaber, bertakoa kontsumitzea are garrantzitsuago bihurtu den honetan, inguruko lurretan ekoiztutako elikagaien hornidura eta banaketa bermatzen jarraitzeko bideak aztertzen jarraituko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!