"Denboraldi honetan ikusi dut hor nagoela, munduko onenekin"

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 1a, 11:59

Aspaldiko helburua zen Imanol Rojorentzat mundu mailako proba batean lehen 30 postuetan sartzea eta denboraldi honetan hiru aldiz lortu du emaitza hori. Gustura eta aurrera begira indarberrituta dago tolosarra.

Denboraldia nahi baino lehen bukatu bada ere Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzailearentzat, orain arteko denboraldi onena izan da. Munduko Kopako probetan lehiatu da ia erabat, eta emaitzetan pauso bat aurrera egin du.

Orain arteko denboraldi onena izan da zuretzat.

Hori da. Gainera Munduko Kopan parte hartu dut denboraldi osoan, eta aurretik ez dut aukera hori izan beste urteetan. Hiru aldiz sartu naiz lehen 30 postuetan, eta gero ere inguru horretan aritu naiz. Lehenbizi 30. egin nuen Lillerhammerko proban, 30 kilometrokoa, 15 kilometro klasikoan eta segidan 15 kilometro skatingean. Davosen 27. egin nuen 15 kilometro skatingean. Bi horiek abenduan izan ziren, eta urtarrilean 26. egin nuen Nove Meston jokatutako 15 kilometrokoan. Beste bi proba garrantzitsu ere egin ditut, etapaka egiten direnak; Tour de Ski, abenduan eta urtarrilean, eta Ski Tour, otsailean. Bigarrengoa, Eskandinavian egindakoa, lehenengo egunean gaixo jarri nintzen eta hainbat proba gaixo egin nituen, antibiotikoak hartuz. Bukaeran berreskuratu nintzen, baina ez zen nahikoa izan emaitza ona bat lortzeko. Tour de Skin 37. amaitu nuen sailkapen orokorrean, eta Ski Tourren 46. bukatu nuen.

Munduko Kopan parte hartzeko sailkapen moduko batean egon beharra dago?

Aurten pixka bat libre moduan joan naiz. Andorrako Federazioarekin elkartu naiz eta diru gehiago jarri behar izan dut. Aukera izan dut liga onenean parte hartzeko, eta aurreko urteetan ez dut aukera hori izan Espainiako Federazioarekin. Hori nahi nuen egin aurten. Azken urteetan aukera izan dut puntuengatik parte hartzeko Munduko Kopako probetan, baina gehiago izan da baliabide kontua. Espainiako Federazioarekin pare bat edo hiru asteburu egiten nituen, eta aurten ia egin ditudan proba denak Munduko Kopakoak izan dira. 20 proba inguru egin ditut aurten. Andorrako Federazioa logistika guztiaz arduratu da eta nik beraiei ordaindu diet.

Emaitzei begiratuz gero, 41. Beret Martxa irabazi zenuen.

Urte hauetan Vielhan bizi naizenez, aukera izan nuen parte hartzeko. Ilusioa egiten zidan, eta entrenamendu moduan hartu nuen, baina gero irabazteko aukera izan nuen eta azkenean garaipena lortu nuen, eta pozik, egia esan.

Beraz, balantze moduan, denboraldia nahi baino azkarrago bukatu bada ere, gustura ezta?

Bai, Munduko Kopan 30 lehenengoen barruan egitea nire aspaldiko helburua zen, eta aurten hiru aldiz egiteak ilusio handia egin dit. Ezin naiz kexatu, emaitza onenak lortu ditut aurten, eta gainera erregularra izan naiz 30 lehenengoetan parte hartzeko. Asko motibatzen nau hurrengo Olinpiar Jokoei begira. Urte hauetan ikusten nuen ez nintzela iristen eta ikusi dut hor nagoela, munduko onenekin, eta geroz eta gertuago nagoela lehenengo postuetatik.

Noiz izango dira hurrengo neguko Olinpiar Jokoak?

2022an izango dira, Pekinen. Datorren urtean Munduko Txapelketa da, Alemanian. Jomugan Olinpiar Jokoak ditugu, baina, egia esan, urtez urte joan behar da, lasterketaz lasterka hartu, eta ikusi zer mailan gauden. Datorren urtean Munduko Txapelketa izango da helburu nagusia.

Ze proba gelditu zaizkizu bertan behera aurtengo denboraldian?

Eskandinaviako Ski Tourreko proben ondoren atsedena hartzeko denbora nuen, eta prestatzen ari nintzen Munduko Kopako finala, aurten Kanadan izango zena. Pena handiarekin geratu naiz, lehenengo aldia baitzen Kanadara joango nintzela eta baita Munduko Kopako final batera. Horrez gain, Espainiako Txapelketa ere bertan behera geratu da. Justu asteburu honetan izango zen, apirilaren lehen asteburuan. Esan daiteke denboraldiko hilabete inguru geratu dela bertan behera.

Non harrapatu zintuen konfinamendua ezarri zenean?

Berez hemen, Vielhan, harrapatu ninduen entrenatzen ari nintzela, eta bertan geratu naiz.

Nola moldatzen ari zara entrenatzeko?

Normalean, denboraldia eta gero hamabost egun atsedenerako hartzen ditut. Eta hori egin dut, eta aste honetan hasi naiz pixkana mugitzen. Korri egiteko zinta bat daukat, eta gero hanketako ariketak ere egiten ditut, pisuak ere badauzkat, eta abdominalak eta besoetako ariketak ere egiten ditut, denetatik pixka bat. Dena ere etxe barruan. Bizikletarentzako arrabola eskatu dut eta ea iristen zaidan. Baina, esandakoa, orain hamabost egunetan atsedena hartu dugu, gorputzak behar zuen eta.

Behin neguko denboraldia bukatuta, ze prestaketa mota egin ohi duzu?

Normalean maiatzean hasten gara entrenatzen. Baina, orain, aldatu egin dugu plangintza, eta aste honetan oso lasai hasi naiz, ahal dudana egiten. Ea konfinamendua noiz arte den eta hortik aurrera beste urteetakoa egingo dut: bizikleta, korri egin, rolleski edo gimnasiora joan. Azkenean, neguari begira oinarria hartzea da helburua.

Konfinamendua bukatzen denerako ziur asko elurrik ez da izango ezta?

Justu gaur (astelehenean) elurra ari du. Ea elurrak irauten duen konfinamendua bukatu arte, eta eskiatzeko aukera daukagun. Denboraldi-aurrea hasteko perfektua izango litzateke, egia esan. Maiatza hasiera arte izan ohi da elurra, baina ez dakit nola egongo den egoera ordurako.

Neguko kirol guztiak bertan behera geratu dira, noski. Aukera izan duzu beste kirolariekin hitz egiteko?

Kirol guztiak geratu dira bertan behera, bai. Egia esan, guk ia denboraldi osoa egin ahal izan dugu, hilabete kenduta. Esan dezakegu dezente salbatu dela denboraldia. Ez dut aukera izan beste kirolariekin hitz egiteko, baina entzuten dena da lasai egoteko eta ahal duguna egiteko etxean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!