Koronabirusa

Museo barruan sentitzeko aukera, etxetik mugitu gabe

Ataria 2020ko mar. 31a, 19:35

Koronabirusaren eragina dela eta, haur, gazte nahiz helduentzat hainbat ekintza prestatu dituzte Txotxongiloen Nazioarteko Museoko arduradunek. Horrez gain, museoa ezagutzeko etxeetara banatutako gonbidapenak erabiltzeko epea zabaldu dute.

Topic Museoa martxan jarri zela 10 urte bete dira. Urteurrena, ordea, berezia izaten ari da, oraindik ere, eta alarma egoerak iraun bitartean, itxita egongo baita Topic. Zentroko arduradunen agendan ez zen horrelakorik aurreikusten. "Ez dira egun errazak izaten ari". Noiz, eta bere hamargarren urteurrena ospatzen ari zenean. "Egun bitxi batzuk pasatzen ari gara; gutako inork inoiz ezagutu gabeko egoera baten aurrean gaude", adierazi dute.

Hala ere, eta ezohiko egoerari buelta ematea oso erraza ez den arren, arazoari irtenbidea bilatzen aritu dira, eta badirudi aurkitu dutela. "Aspertzen hasiak gara, baina ez, hemen ez dago aspertzeko aukerarik. Denerako astia dugu: ikasteko, jolasteko, eta zergatik ez, baita txotxongiloak egin eta Topic modu berezian bisitatzeko ere". Herritarrei, Marionaren falta sumatuko dutelakoan, ez kezkatzeko esan die. "Ondo dago, eta bera ere etxean geratzen da".

Hain justu, etxetik, hau da, Topic-etik, Tolosako haur eta gurasoen etxeetara heltzeko asmoz, programa berezia antolatu dute. Astelehenetik ostiralera, 17:00etan, txotxongiloak egiteko tailerra izango da, Karmele eta Junerekin. 18:00etan, berriz, Marionak eta museoko arduraduna den Mariak, bertako txotxongilo bat aukeratu, eta hari buruzko sekretu bat kontatuko dute. Azkenik, asteazkenero, 12:00etan, Karmele Pedagogiako arduradunak, helduei, txotxongilolariei, irakasleei nahiz begiraleei eskainitako saioak egingo ditu, bideo bidez. Zentro Dramatiko Nazionalari esker egin ziren bideo horiek, Madrilgo ‘Sana Sana’ jardunaldietarako, eta aurrerago TOPIC+ proiektuan ikusi ahal izango dira. Topic-etik, etxean geratzeko deia egiten diete herritarrei, "bertan ere ondo pasa daitekeelako. Horretarako, denbora-pasak prestatuko ditugu, eta kalera ateratzen garenean, lagunei, familiako senideei eta Marionari erakusteko".

Gonbidapenak erabiltzeko epea zabaldu dute

Bistakoa da, txotxongiloen nazioarteko museoan ere eragina izan duela gizartea eraldatzen ari den osasun krisi larriak. Hala ere, aurrez, urteurrenaren harira, Tolosako Udalak eta Topic-ek museoa ezagutzeko bina sarrera banatu zituzten Tolosako etxebizitza guztietara. "Urteurrena herritar guztiekin ospatu nahi da, eta horrela, munduko hainbat herrialdetako kultura Tolosatik bertatik ezagutzen hasteko aukera eskaini". 

Lehen esan bezala, gonbidapenen banaketa itxialdia ezarri aurretik jarri zen martxan, Topic Museoa ixteko agindua jaso aurretik, zehazki. Hala, Tolosako etxe guztietara banatu diren gonbidapenak apirilaren 30a baino lehen erabili behar direla zehazten bada ere, epe hori zabaltzea erabaki dute Tolosako Udalak eta Topic Zentroak. 

"Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa 2009ko azaroan inauguratu zen, eta hasiera hasieratik irudimenaren, berrikuntzaren eta originaltasunaren aldeko apustua egin duen proiektua izan da", diote udaletik. Bere osotasunean txotxongiloen arteari zuzendutako Europako zentro bakarra da Topic. Hala, txotxongiloak oinarri dituen erakusketa iraunkor bat jasotzen du museoak, tartekatzen diren aldi baterako erakusketekin batera. 

Beraz, etxean egotera behartzen gaituen egoera hau amaitzean, Topic Museoak gordetzen dituen altxorrak ezagutzera joateko gonbita egiten die udalak tolosar guztiei, "herrian ditugun altxorrak ezagutu eta tolosar guztion zati den kulturaz gozatzeko". Bitartean, www.topictolosa.com helbidean sartu eta bertan eskaintzen den bisita birtualaren bidez ere ezagutu daiteke museoaren eskaintza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!