Koronabirusa

Iurreamendin beste egoiliar bat hil da, foru aldundiaren arabera

Ataria 2020ko mar. 31a, 19:10

Eider Mendoza diputazioko bozeramaleak azaldu duenez, Gipuzkoako adineko zentroetan hiru pertsona hil dira. Horiek Tolosan, Zarauzko Santa Anan eta Arrasateko Iturbiden bizi ziren.

Horrez gain, 12 pertsona gehiagok eman dute COVID-19an positibo foru aldundiaren datuen arabera. Mendozak ez du zehaztu zein egoitzetan izan diren positiboak, ez eta egoitza bakoitzean egun zenbat kontatu dituzten: "Gipuzkoako egoitzetako 12 pertsona gehiagok eman dute Covid-19an positibo, eta lehen positiboa eman da Donostiako Aita Etxe egoitzan; hortaz, 65 egoitzetatik 11 dira positiboren bat duten Gipuzkoako zentroak. Guztira, 11 dira hildako pertsonak, 107 positibo eman dutenak, 20 Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman direnak eta zazpi ospitaleratuak".

Datuak ematearekin batera, EAJko ordezkariak langileen lana eskertu du: "“Adineko pertsonak bereziki zaurgarriak dira Covid-19aren aurrean, eta ahalegin handia egiten jarraitzen dugu Gipuzkoako egoitzetan birusaren prebentzioan sakontzeko, eta kasuan, honen transmisioa gelditzeko”, adierazi du bozeramaileak, eta jarraitu du azpimarratuz “egoera honen zailtasunaz oso kontziente gara eta horregatik, beste behin, eskerrak eman nahi dizkiegu langileei egoitzetan egiten ari diren lan guztiagatik. Era berean, familiei ere gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, hain gogorrak diren une hauetan, euren lankidetza eta ulermenagatik".

Azkenik, bozeramaileak jakitera eman du bihar eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta lurraldeko adineko pertsonen egoitzetako arduradunen arteko lehen bilera partekatua egingo dela. Bilerak buru izango du Markel Olano diputatu nagusia, eta harekin batera izango dira Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua eta Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatua. Bilkuraren helburua izango da Txoke Planaren inguruko hausnarketa partekatu bat egitea, egoitzek dituzten beharrak entzunez eta Aldunditik hartu diren azken neurrietan sakonduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!