Koronabirusa

Kultur eskaintza zabala, tolosarren eskura

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 30a, 16:22

Etxetik bertatik herriko kultur sormenaz gozatu ahal izateko hainbat baliabide prestatu ditu Tolosako Udaleko Kultura Sailak. Liburutegiak, gainera, mailegu epea luzatu egin du, oraingoz maiatzaren 4ra arte.

Batetik, eduki ezberdina biltzen duten webguneen inguruko gomendioak prestatu dituzte. Mikel Gotzon Telleriaren bloga ekarri dute gogora, non Tolosako Entziklopedia, herriko hainbat gairi buruzko monografikoak eta egilearen fikziozko liburua aurki daitezkeen. Topic museoa ere azpimarratu dute, oraingoz bertatik bertara bisitarik ezin denez egin, txotxongiloaren nazioarteko museoan jasotzen diren altxorrak bisita birtual bidez ezagutzea proposatu dute. Horretarako, Topic-en webguneko bisita birtualen atalera jo besterik ez da egin behar.

Argazkiak eta musika

Bestalde, Tolosarekin lotura duten argazki, bideo eta musika bildumak ere osatu dituzte. Besteak beste, 2020ko inauteriei buruzko argazki bilduma bat osatu da Flickr atarian, 400 argazki baino gehiagorekin. Horrez gain, Udal Musika Bandarik, eta Udal Txistulari Bandak sortutako diskoak mp3 formatoan bildu dira eta Soundcloud kontu batera igo dira, herritar guztien eskura jarriz.

Musikaz gozatzeko beste hainbat proposamen ere egin dituzte udaletik. Esaterako, Tolosako abesbatza lehiaketako saiorik onenak, Tartean taldeak Bilboko Arriaga antzokian egindako “Simplicissimus” lanaren estreinakoa, edo Yllana taldearen emanaldiak entzutea edota ikustea. 

Literatura

Tolosako Udal Liburutegia itxita dago martxoaren 13az geroztik, eta ondorioz, paperezko liburuen eta aldizkarien zein DVD-n mailegurik ezin da ez egin eta ez itzuli. Horregatik, itxialdiaren aurretik hartutakoak itzultzeko epea maiatzaren 4ra arte luzatu dute, eta jakinarazi dute behar izanez gero epea luzatu egingo dutela. 

Bestalde, gogorarazi dute itxialdi egoera honetan eLiburutegia, Euskadiko Liburutegi Zerbitzuaren online plataforma, balia daitekeela irakurtzen jarraitzeko edota efilm plataforma filmak etxean ikusteko. Bi zerbitzu digital horietara sartu ahal izateko hau da behar dena:

  • Erabiltzaile zenbakia: liburutegiko txartelaren zenbakia.
  • Pasahitza: Tolosako liburutegiko txartela dutenen kasuan norbere izena dena minuskulaz.
  • E-maila aktibatuta izatea.
  • Norberaren datuetan helbide elektronikoa falta dutenek, ez dute sarbiderik izango bi plataforma horietara. Horri irtenbidea emateko, edo pasahitza ahaztu bazaizu, jarri liburutegiarekin harremanetan: 943697462 edo liburutegia@tolosa.eus. (10:00-13:00 eta 16:00-20:00).

Topaguneko programa

Tolosako Gazte Topaguneak aste honetarako prestatu dituen ekintzen berri ere eman du. Gaur online jolasa egingo dute, eta Pinturillo jolasera ariko dira. Bihar, asteartea, pultsera tailerra egingo dute, asteazkenean erronka berri bat proposatuko dute, eta ostegunena kirolarekin lotutako ekintzak. Ostiralean, astero bezala, Zoom plataforma erabiliz bilkura egingo dute, eta larunbatean sukaldean ariko dira: etxean pizza bat nola egin ikasiko dute.

Gogoratu ekintza hauek denak 18:30eatik aurrera izaten direla, Instagramen Topaguneak duen kanalean. Instagram kontuko ‘stories’ atalean ematen dituzte goizero ekintza bakoitzaren inguruko azalpenak eta jokoetara sartzeko gakoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!