«Txapelketak jendea elkartu eta esperientziak elkarbanatzeko balio du»

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 30a, 19:59
Ibon Mugerza, Munduko Txapelketan lortutako dominekin, Zarautzen.

Neke handiarekin itzuli da Ibon Mugerza surflari tolosarra Munduko Txapelketatik, batez ere bidaiak suposatu dion esfortzua dela eta. Hori bai, pozik itzuli da bizitakoagatik eta ezagutu duen jendearengatik.

AEBn jokatutako Munduko Txapelketatik laugarren postuarekin, eta kobrezko dominarekin, itzuli da Ibon Mugerza (Tolosa, 1983) surflaria, eta taldeka urrezko domina lortu du Espainiako selekzioarekin. Surf egokituan lehiatzen da Mugerza, stand 1 modalitatean. Moto istripu baten ondorioz, beso-plexuko lesioa izan zuen, eta eskuineko besoan hemiplegia du: beso horretan zein soinean eta bizkarrean ez du sentsibilitaterik.

Munduko Txapelketa batean lehiatzea berezia izango da. 

Nire ustez, lehiaketa moduan baino, jendea elkartzeko eta gure artean esperientziak elkarbanatzeko, batzuk besteengandik ikasteko, balio du. Niri behintzat gehiago bete didana da jendea ezagutzea eta jakitea zer egin duten Brasilen, zer egin duten Kanadan, bai entrenamendurako, bai surferako eta baita nire lesioarekiko ere. Ez da erraza jendea topatzea zure lesio berarekin. Txapelketa batera joaten zarenean eta ikusten baduzu aukerak dituzula, saiatzen zara irabazten, baina gehienbat jendea ezagutzeko izaten da. Bueltatzen naizenean gusturago nago ezagutu dudan jendearengatik irabazi dudanarengatik baino. Niri surfa asko gustatzen zait, egunero egin dezaket, eta ez dut dominen beharrik. 

Emaitzei dagokionez, zure lorpen handiena izan da?

Europako txapelduna izan nintzen 2019ko maiatzean, eta orain ere horrela geratu naizela esan daiteke. Lehenengo bi sailkatuak brasildarrak izan dira eta hirugarrena Hego Afrikakoa. Ez naiz txapelketetara asko joatekoa. Laugarren geratu naiz Munduko Txapelketa batean, eta finalean sartu naiz: bada zerbait. Baina, batez ere gozatzera joaten gara. Azkenean, kostu fisikoa du baina baita ere sekulako kostua da entrenamenduak egitea maila horretan egoteko. Horregatik eskerrak ematen dizkiot Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako surf federazioei, eta baita Pukas eta beste laguntzaileei ere, jasotako laguntza guztiagatik. 

Laugarren postua lortu zenuen, eta kobrezko domina. 

Ezustea izan zen niretzat jakitean laugarren postuarekin domina neukala. Laugarren postua normalean esker gutxikoa izaten da, domina lortzen duten hurrengo postua delako. Ni, egia esan, kontentu nengoen finalera iritsi nintzelako. Finalerdietan disgustuarekin geratu nintzen, puntuazioa jakin gabe eta pentsatuz kanpoan gelditu nintzela. Gero, taldekoek genuen etxera iristerakoan, puntuazioa begiratu eta konturatu nintzen hurrengo egunean finala nuela. 

Nola izan zen txapelketa?

Ez gara hainbeste, zortzi edo bederatzi kirolarik parte hartu genuen. Finalerdiak egin genituen zuzenean eta gero finala. Horregatik esaten dut gehienbat jendea ezagutzea dela. Lau katu gaude, eta jende gehiago elkartzen garenean, orduan gehiago arduratuko naiz lehiaketaz. Baina, bestalde, ozen esan behar da horra iristen diren denak izar batzuk direla. 

Finalerdien lehen txandan betikoa gertatu zitzaidan. Arrankatzea kostatzen zait, erdi urduri egoten naiz, eta ez naiz hainbeste lehiaketaren kontuan sartzen. Gehiago nago txapelketaren muntaia guztian pentsatzen, batekin eta bestearekin hitz egin nahian, eta ez hainbeste lehiarekin. Bigarren txandan hobeto aritu nintzen, eta finalera sartzea lortu nuen. Finalean bai egon nintzela dena emanda, baina olatuak ez nituen aldeko izan. Egun osoan egon ziren sekulako olatuak; gu sartu eta geratu egin ziren. Nik besteek baino olatu handiagoak behar ditut, taula handiagoa dudalako. Olatu txikiekin besteek sekulako jira-birak egiten zituzten, eta nik olatuen tamaina handiagoa behar dut nire abileziarako. 

Finalean zenbat zineten?

Lau ginen parte hartzen genuen surflariak. Txanda bat izan zen, eta lehenengo hamar olatu hartzen dizkizuete kontuan eta horietatik bi olatu onenak. Txanda ez zen gaizki joan. Lehenengo bi postuetan geratu zirenak oso onak ziren, baina hirugarrenarekin hor ibili nintzen lehian. Halere, esan bezala, ez ziren egon nik behar nituen tamainako olatuak. Nire lesioagatik taula luzeago bat behar dut zutik jartzeko, eta horretarako indarra duten olatuak behar ditut, gero baita ere taula bera mugitzeko. 

Joseba Mercader tolosarra ere zure maila berean lehiatu zen eta seigarren bukatu zuen.

Txundituta utzi nau. Oso ondo aritu zen. Asko hobetu du uretan eta txapelketan. Pila bat motibatu da txapelketa honetarako. 

Espainiako selekzioarekin urrea lortu zenuen Munduko Txapelketan.

Surflari bakoitzak lortutako puntuekin irabazi genuen. Estatu Batuei, Brasili eta Hawaiiri irabazi genion, eta hori handia da. Kontuan izan behar da hamabost kirolari ginela, eta selekzio guztiek ez dutela hainbeste jende ematen. Estatu Batuetako kirolari asko zeuden, eta horiei irabazi genien. Baina gero selekzio bakoitzak duen gaitasun ekonomikoaren arabera, jende gehiago edo gutxiago joaten da. Espainiako selekzioan jende berria joan da, eta ezusteko handia hartu dut, sekulako txapelketa egin dutelako. Lehen aldia izan da surf egokituan urrezko domina irabazi duela Espainiak munduko txapelketa batean. Esperientzia bezala oso berezia da: asko betetzen zaitu, ikusten duzulako jendea lesio ezberdinekin, eta nola hartzen duten hau guztia. Eta horrek pila bat balio du, ez du preziorik.

Nola izan zen joan-etorria?

Kasu honetan Espainiako Federazioak jarri du dirua eta konfiantza ere bai haraino joateko. Bidaia eta egonaldia federazioak ordaindu du. Bi etxe hartu zituzten han, eta horietan sartu ginen kirolari guztiak. Bertan elkarbizitza landu genuen ere, eta denok egin behar izan genuen lan janaria prestatzeko eta etxea txukun mantentzeko. 

Itzulia gorabeheratsuagoa izan zen. Hegaldi bat bertan behera gelditu zen. Gero beste bat hartu genuen, baina galdu egin genuen hegaldi hori immigrazioko paper bat ez genuelako bete. Hurrengo egunean beste bat jarri ziguten ekonomikoki askoz gehiago kostatu gabe. Hori hartu genuen, baina San Diego-New York, New York-Londres eta Londres-Madril egin behar izan genuen. Eta hori dena egitea ia hiru metroko funda bat soinean, hiru taulekin... Hori mugitu behar izan nuen Joseba Mercader tolosarrarekin batera. Gero eskuko maleta, motxila txiki bat, trajea kanpoan gehiegizko pisua eman zidalako... imajinatu zer-nolako abentura.

Eta koronabirusaren ingurukoak nola bizitu zenituzten?

Gu AEBn lasai asko geunden. Madrilera iritsi ginenean flipatu egin genuen egoerarekin. Orain AEBn askoz okerrago daude. Txapelketan parte hartu genuen kirolari guztien orri bat daukagu eta hor hasi dira hitz egiten ea norbaitek baduen sintomarik edo. Behintzat erantzun dugun guztietatik inork ez du sintomarik. Zentzu horretan lasaiago, beste kezka bat zelako Munduko Txapelketan kutsatu eta gero gurasoak kutsatzea. Azkenean, gehiegizko abentura izan da orotara.

Hemendik aurrera ze asmo?  

Txapelketa eta gero Zarautzera etorri naiz, eta gurasoekin nago. Azken egunetan sekulako olatuak daude Zarautzen, eta inor ez uretan. Hori ez da behin ere ikusi. Ni txapelketatik oso nekatuta itzuli naiz, sekulako tendinitisarekin ezkerreko besoan. Ez zait ari gaizki etortzen konfinamendua, berreskuratzeko. Txapelketei dagokionez, abuztuan Hego Afrikan badago txapelketa bat. Nazioartekoa da, baina irekia, hau da, ez da zertan selekzioarekin joan behar. Asko pentsatu behar dut, lan aldetik orain arteko egoerarik onenean bainago, eta ez dut nahi parte hartu horrelako txapelketetan ez badit ekonomikoki alderik suposatzen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!