Alarma egoera ezarri zenetik, Tolosako Udalak, herritarren beharrei erantzutera bideratu ditu bere giza baliabide guztiak. "Une honetan, krisiari aurre egitera bideratuta daude indar guztiak", adierazi du Olatz Peon alkateak. Udal eraikinak itxita daude, baina herritarrak modu telematikoan jar daitezke udaleko sail ezberdinekin harremanetan. Bertan lanean jarraitzen dute Udaltzaingoak eta Herritarren Arreta Zerbitzuko eta Gizarte Zerbitzuko langileak, herritarren oinarrizko beharrei eta lehentasunei erantzuteko.
Segurtasun neurri guztiak hartu dira eta beharrezkoa den kasuetan sailak eta eginkizunak berrantolatu dira herritarren arreta zerbitzua bermatzeko. "Egoeraren larritasunak eskatzen dituen neurriak etengabe berrikusten dira Prebentzio Mahaian eta horiek egokitzen dira udaleko sail guztien arteko koordinazioarekin. Bilerak telematikoki egiten dira, bai langileen artekoak zein Prebentzio Mahaikoak, langile gehienak etxetik lanean baitaude. Ahal den kasu guztietan etxetik lan egitea sustatu dugu, telelanerako sistema antolatuz".
Osoko Bilkurak telematikoki egitea aztertzen
Oinarrizko zerbitzuak bermatuta, sor daitezkeen egoera berriei aurre egiteko oinarriak lantzen ere hasia da udala eta udal funtzionamenduak, ahal den neurrian, martxan jarraitu dezan hiru lan arloetako lan bilerak egiteari ekin zaio. Osoko Bilkurak telematikoki egiteko aukera ere aztertzen ari dira.
"Lehentasuna herritarren beharrei erantzutea da, egoera honi aurre egitea eta horretarako udaletik lanean jarraitu behar dugu, normaltasun egoerara itzultzean esku artean ditugun egitasmo eta proiektuak martxan jartzeko eta egoera honek utziko dizkigun ondorioei aurre egin eta erantzuteko”. Horretarako sail guztien lanaren jarraipena egiteko sistema antolatu dute. Alkatea etengabeko harremanetan dago udal zerbitzu buru guztiekin, udalerriko hainbat eragilerekin, beste udalerrietako alkateekin, osasun agintariekin eta segurtasun sailarekin.
Komunikazioa ere areagotu egin du udalak, eskura dituen kanal guztiak erabiliz, herritarrak informatuta egon daitezen. “Garrantzitsua da herritarrei esku artean ditugun gai guztien inguruko informazioa helaraztea, gardentasun osoz, beren kezkak eta zalantzak argitu ditzagun”.
Lankidetza oinarri eta era koordinatuan
Alkateak nabarmendu du, herritarren beharrei eta kezkei erantzuteko eta bizi dugun egoerari modu integralean aurre egiteko elkarlanean eta era koordinatuan aritzea ezinbestekoa dela. “Behar bereziak dituzten herritarrak artatzea izan da eta da lehen egunetik udal gobernu honen lehentasuna nagusia”, azaldu du. Gizarte Zerbitzuetatik dei egin diete bakarrik bizi diren 70 urtetik gorako adineko pertsonei, beren egoera ezagutzeko. “Gizarte Zerbitzuetako langileak egiten ari diren lana balioan jarri eta goraipatu nahiko nuke, eta eskerrak eman nahi dizkiet beren laguntza eskaintzen ari diren langile eta herritar guztiei”, gehitu du.
Peonek azaldu duenez, “boluntario taldearen bitartez artatu beharreko herritarren zerrenda osatuta dago, nahiz eta egoera aldakorra izanik, beharrak areagotu daitezkeen”. Boluntario taldeak lanean dihardu hainbat eragileren laguntzarekin. Boluntarioen lana 3 taldetan banatu da eta Adinkide proiektuaren, Gurutze Gorriaren eta Peñaskal kooperatibaren babesarekin eskainiko dute beren laguntza.
Azokarako aukerak aztertzen
Azkenik, bizi dugun krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honi erantzun integrala eman behar diogula azpimarratu du alkateak, erakundeen arteko elkarlanaren bitartez. “Eusko Jaurlaritza eta baita Foru Aldundia ere hainbat diru-laguntza lerro sortzen ari dira, eta horiek aztertzen ari gara, laguntza horiek nola osatu ikusteko. Azokari dagokionez, ezohiko moduan ere, ez da gauzatuko, baina erakunde ezberdinekin elkarlanean, aukera berriak aztertzen ari gara ekoizleek beren produktuak saltzeko eta tolosarrek horiek erosteko aukera izan dezaten”.