Dagoeneko 1.800 lagun bildu ditu Gipuzkoa Encounterrek

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 27a, 15:16

Antolatzaileak oso pozik daude ekimenak izandako harrerarekin. Izena eman duten 456 lagunez gain, beste 1400 pertsona hurbildu dira sarrera libreko Opengune kanalera.

Arrakasta handia izaten ari da 2020ko Gipuzkoa Encounter. Aurrekaririk gabeko bilkura birtualak 1800 teknologia zale baino gehiago elkartu ditu dagoeneko, Covid-19 pandemiak eragindako isolamenduari aurre egiteko helburuarekin. Erritmo bizian, kanal ezberdinak eta topaketako guneak bisitatzen, gainontzeko erabiltzaileekin interakzioan, lehiaketetan izena ematen edota hitzaldi eta tailerretan parte hartzen ari dira aurrez izena eman zuten 456 partaideak. Gainera, beste 1400 pertsona inguru ere hurbildu dira Opengune kanalera, sarrera libreko gunera. 

Euskaltel Fundazioak antolatutako ‘GE14: Geratu Etxean Edition’ online partyak ekimen presentzialerako aurreikusita zeuden jarduera berdinak sortu ditu, kafetegia, spa, jangela, akreditazioen gunea eta logela barne. Tolosako bilkuran izena eman zuten pertsonentzat doan sortutako ekimena da, topaketa presentziala bertan behera geratzearen errekonpentsa modura; sarreren dirua ere itzuli zitzaien partaideei. 

Ekimen birtuala errealitate bihurtzeko, hiru gune nagusi jarri ditu martxan antolakuntzak. Lehena, Discord izeneko plataforma sozialean sortuak, areto birtualak ditu, gaika antolatuta, eta parte-hartzaileen arteko elkarrizketa ahalbidetzen du arte digital, software libre, hardware eta bideo-joko arloen inguruan. Aisialdira bideratutako kanal ugari ere badaude. Gainera, Encounter sareko topaketetako lehiaketak kudeatzeko sortutako erreminta, PartyNet izenekoa, internet bidez %100ean erabiltzeko egokitua izan da. Horrez gain, ekimenaren jarraipena egingo duen programa doan ikusi ahal izango dira Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez. 

Publikoari irekitako gunea

Festatik kanpo gelditu direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, hitzaldiak doan eskainiko baitira. Discord plataforman altan eman eta Opengune kanala bisitatu besterik ez da egin behar. Twitcheko kanala ere irekia da, eta bihar eskainiko dira jardunaldiko hitzaldi nagusiak. Jarduerak larunbat gauerdira arte gauzatuko dira, eta Euskal Encounterreko sare sozialen nahiz www.gipuzkoaencounter.org webgunearen bitartez ezagutaraziko dira.

Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!