Koronabirusa

Kaleak desinfektatzeko lanak abiatu ditu udalak

Ataria 2020ko martxoaren 26a

Kale garbiketa zerbitzua indartu du udalak eta anbulatorio eta saltoki inguruak produktu desinfektatzaileekin garbitzen ari dira. Datozen egunetan, gainera, langile gehiago bideratuko dira eginkizun horietara.

Koronabirusaren zabalkundeari aurre egiteko eta kutsatzeak ekiditeko neurriak hartzen jarraitzen du udalak. Kaleak desinfektatzeko protokolo berria martxan jartzea izan da horietako bat. Une oro mantendu du kale garbiketa zerbitzua, eta hau egoera berrira egokitu da jasotako irizpideen baitan. "Udalaren eta garbiketa zerbitzua eskaintzen duen enpresaren eskutik, ahalegin berezia egin da zerbitzua egokitu eta areagotzeko", adierazi dute. 

Ur eta xaboiarekin egindako ohiko kale garbiketaz gain, pertsona gehien dabiltzan guneak ere garbituko dira produktu desinfektatzaileak erabilita, bereziki, anbulatorio ingurua eta saltoki atariak. Kaleen garbiketa eta desinfekzio lanetan gehiago sakontzeko asmoa du udalak; hori dela eta, hurrengo egunetan, langile gehiago bideratuko dituzte garbiketa eginkizunetara.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!