Koronabirusa

Osasun krisiaren eraginaren aurrean, neurri gehiago

Ataria 2020ko mar. 25a, 18:41

Beste behin, herritarrei etxean geratzeko deia egin die Tolosako Udalak. Zenbait eragilerekin kontaktuan jarraitzen dute, neurri ekonomikoak aztertzen ari dira eta udal langileak berrantolatu eta berregituratu dituzte.

Udaletik lantzen ari diren eta mahai gainean dituzten kontuen argibideak eman ditu Olatz Peon alkateak. Lehenik, Prebentzio Mahai osoaren izenean, prebentzio eta neurriak areagotzea eta jarraibideak errespetatzea beharrezkoa dela gogorarazi nahi izan du. “Soilik ezinbestekoa denean atera kalera, bakarka, eta erosketak arduraz egin eta beharrezkoak diren neurriak hartuz. Sintomarik izanez gero edo laguntzari behar baduzu, deitu 010 telefonora”.

Alkateak jakinarazi du egunero egiten dituztela bideo-dei bidezko bilerak eragile eta kolektibo ezberdinekin, eta harremanetan daudela saltoki handietako arduradunekin, herritarrek erosketak modu seguruan egiteko aukera dutela bermatzeko. Tolosako dendariek ere kanpoko erakusmahaiak barrura sartzeko agindua jaso zuten atzo, prebentzio modura.

Aurrekoari lotuta, neurri ekonomikoak aztertzen ari da udala. “Une honetan, ezinbestekoa da erabakiak lasaitasunez, zuhurtziaz eta modu koordinatuan hartzea. Koronabirusa dela eta, hainbat zerga arloko neurri onartu zituen, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak, horiek aztertzeari ekin diogu eta datozen egunetan argibide gehiago eta zehatzagoak emango ditugu honi buruz. Edonola ere, bestelakoak da lehentasuna: ordainketak malgutzea eta herritarrei erraztasunak ematea”.

Bestetik, herritarrak ondo informatuak egon daitezen ahalegin berezia egiten ari da, une oro, udala. “Garrantzitsua da informazioa iturri ofizialetatik jasotzea, gaizki-ulerturik egon ez dadin, herritarren artean nahasmena eta kezka sortu dezakeelako horrek, eta une honetan horrelako egoerak ekidin behar ditugu”, gaineratu du. “Sare sozialen bitartez jarraibide eta gomendioak zabaltzen gabiltza, hartutako neurri eta erabaki berriak komunikatzen ditugu egunero; koronabirusari buruzko atal berezia ere sortu dugu webgunean, eta edukiz elikatzen joango gara herritarrek beharrezkoa duten informazio guztia bertan izan dezaten”.

Azkenik, langileria berrantolatzen eta berregituratzen ari da udala, momentuko beharrei erantzuteko, baita  datozen egunotan sor daitezkeen egoerei aurre egiteko ere. “Une honetan, krisiari aurre egiteko lanean ari dira udal langile guztiak. Gainera, datozen egunetan zenbait sailetan lan karga areagotu daitekeela aurreikusita, horiek indartuko ditugu udal langileak berrantolatuz. Aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen dabiltzan langileen kasuan lan talde eta txanda ezberdinak antolatu ditugu prebentzio neurri modura, kutsatzeak saihesteko. Lorezaintzako langileak, berriz, kale garbiketara bideratu ditugu, kaleen desinfekzio lanetan sakontzeko”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!