AECC Gipuzkoak minbizia duten gaixoei eta haien senideei ematen dien laguntza emateko doako zerbitzua indartu duela esan du. Tolosako egoitzatik ari dira guztia bideratzen. Minbizia duten pertsonak zuzenean tratatzen dituzten profesionalek telefonoz edo bideo-deien bidez ari dira indartzen zerbitzua. Gainera, eskualdeko egoitzako telefono zenbakian (943 65 21 43) orain, 24 orduetan aritzen dira. Horretarako 900 100 036 linearen (Infocáncer) laguntza dute, eta zerbitzua doakoa da.
Gipuzkoako AECC elkarteak azaldu du, psiko-onkologian espezializatutako psikologo bat eta gizarte-langile bat ari direla saio horiek egiten, modu digitalean edo telefonoz, gizarte-arloko terapiekin, laguntzarekin eta aholkularitzarekin batera, bai pazienteentzat eta baita zaintzaileentzat ere. "Konfinamenduaren lehen egunetan, urruneko arreta mota hori eta maiztasuna nabarmen handitu dira", esan dute.
Gaineratu dute laguntza psiko-onkologikoa pazienteek emozioari eustean dagoela oinarrituta, betiere, "momentuko eta presazkoena den lasaitasuna eskaintzeko". “Beldurtuta daude. Pertsona batzuek isolamenduak eragindako larritasun handia sentitzen dute, batez ere, antsietate maila handiagoa duten pazienteek. Bestalde, bakarrik dauden pertsonen kasu kezkagarriak ere badaude, edo dolu konplikatua dutenenak”, azaldu du Itxaso Uribe-etxeberria AECCko psikologoak.
Tratamendu onkologikoak dituzten pertsonen zaintzaileen egoera larria dela ere esan du elkarteak. Pertsona horiek arrisku taldeetan daude, eta beraz, zaintzaileek euren zerbitzua emateari utzi diote. Ondorioz, Amaia Elosegi AECC Gipuzkoako gizarte-langilearen hitzetan, pazientea zaintzeko orduan Euskadin hain finkatuta zegoen laguntza familiarra eta komunitarioa aldatu egin da. “Ezin dituzte bisitak jaso, ezin dituzte hurbilen dituzten familiartekoak ikusi eta oso egoera latzak ari zaizkigu iristen”, esan du.
Bestalde, elkarteak zurekin@aecc.es posta elektronikoko helbidea gaitu du herritarren ideiak eta proposamen zehatzak jasotzeko, "betiere, minbizia duten pertsonen egunerokoa eramangarriagoa izan dadin".