Koronabirusa

'Online' eskainiko da 'Entzute aktiboa eta enpatia' tailerra

Ataria 2020ko mar. 25a, 10:17

Tolosatzen Eskola Irekia programaren barruan kokatzen da eta bihar eta etzi izango dira lau saioak, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz. Nahi duenak izena emateko aukera du oraindik.

Osasun krisiaren egoerak behartuta, hilaren 12az geroztik martxan dagoen Tolosatzen Eskola Irekia programa ahalik eta osotasunik handienean gauzatzeko lanean ari da Tolosako Udala. Ondorioz, hasiera batean apirilaren 16rako eta 23rako iragarrita zegoen Entzute aktiboa eta enpatia tailerra aurreratu egingo da, eta gainera, online eskainiko da. Guztira lau saio antolatu dira, horietatik bi euskaraz eta beste bi gaztelaniaz. Bihar eta etzi izango dira saioak, bietan ere, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Guztira zortzi lagunentzako lekua egongo da saio bakoitzean, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurrez udaletxeko webgunean (www.tolosa.eus) izena ematea. Astelehenean ireki zen epea, eta plazak agortu arte egongo da zabalik; gehienez ere saio batean eman daiteke izena. Ikastaroa formakuntza moduan emango da, interaktiboki. Izena ematen dutenek, ikastaroa baino lehen irakurri beharreko dokumentu bat eta esteka bat jasoko dituzte. Saioa egingo duten unean esteka horretan sartu beharko dira, eta orduan jasoko duten ID kodea erabiliko dute ikasgela birtualera sartu ahal izateko. Behin saioa amaitzen denean, email bat jasoko dute saioaren edukiaren inguruko hausnarketa gida batekin, bete dezaten.

Coaching eta mindfulness alorretan aditua den Larraitz Urrestilla tolosarrak emango du ikastaroa. El lider mindful liburuaren egilea da Urrestilla, baita Gain coaching enpresako arduradunetako bat ere. Zenbait enpresetarako programak garatu ditu, baina batez ere, pertsonen eta taldeen kudeaketan eta garapenean jarduten du. Bere hitzetan, «bi erreminta horiek, norbanako bakoitzaren abileziak ezagutzen eta indartzen laguntzen dute, helburuak betez eta gogobetetzea asez».

UMORETIK AUKERA BERRIETARA

Trebetasun sozialak landu, sendotze soziokomunitarioa sustatu eta udalerria ezagutzera eramateko asmoz, hilaren 12an jarri zen martxan Tolosatzen Eskola Irekiaren aurtengo edizioa. Virginia Imazek, umorea eta emozioak uztartu zituen Zerkausian eskainitako hitzaldian. Azken asteetako egoera dela eta, ordea, elkarteekin eta taldeekin aurreikusita zeuden saioak bertan behera geratu dira. «Baina, egoera behartuek aukera berriak ere eskaintzen dituzte. Horregatik, Tolosatzen Eskola Irekiko gainerako ikastaroak, ahal den neurrian, online eskaintzeko lanean ari gara», diote udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!