Ekologistak Martxan elkarteak eta Tradener Energia Trantsizioa eta Demokrazia taldeak ezin izan dute Ekozinemaldia egin. Euskal Herriko 15 herri eta hiritan zituzten emanaldiak programatuta, baina bertan behera utzi behar izan dituztela esan dute. Aurten Tolosaz gain, Artean, Ataunen, Barakaldon, Basaurin, Bilbon, Donostian, Iruñean, Leioan, Lekunberrin, Lizarran, Ordizian, Oreretan, Zaldibian eta Zallan zituzten antolatuta emanaldiak. Hori dela eta, martxoaren 30a bitarte eskaintzekoak ziren dokumental eta filmak sarean eskuragarri jartzea erabaki dute. "Konfinamendu denbora honetan esperientzia horiek, eredu energetiko harrapari eta suntsitzaile baten ondorioei aurre egiteko ahalegin horiek eta benetako energia eta bidezko trantsizioak ezagutu ahal izan ditzagun", esan dute.
Tolosako emanaldiak
Zinemaldia martxoaren 23tik 30era zen ospatzekoa, baina martxoaren 12an, aurrerapen moduan, CAF: Tranbia honi kolonia kiratsa dario dokumentala eskaini behar zuten Tolosan. Dokumentala ikusgai jarri dute ere, eta ez dute baztertzen horrekin batera egitekoak ziren solasaldia bideokonferentziaz egitea. Solasaldian Tamer Birawi palestinarrak eta Koldo Alzola Euskal Herria Palestina Sareko kideak hartu behar zuten parte. Tolosako beste emanaldiak martxoaren 24 eta 25ean egin behar zituzten, Leidor aretoan.
Antolatzaileek Ekozinemaldiko lanez gain, bestelako dokumental eta sorkuntza lanak jarri dituzte eskuragarri.