Koronabirusak mundu mailan sortu duen egoerak Indian harrapatu du Naiara Urkizu (Tolosa, 1983).
Bikotekidearekin batera dago bertan, eta egoera kezkagarria ez bada ere, egunetik egunera neurriak zorrozten ari direla dio. Printzipioz apirilaren 22an izango dute itzulerako hegaldia.
Noiz joan zinen Indiara eta zein da orain zure egoera?
Otsailaren 29an iritsi ginen Indiara, apirilaren 8an bueltatzeko asmoz. Baina asko aldatu da egoera iritsi ginenetik, ez bakarrik Indian. Lehenik bueltarako hegaldia atzeratu zuten apirilaren 22ra arte, baina egoera egunetik egunera asko aldatzen ari denez beste bi hegaldi erostea erabaki genuen, baina biak utzi dizkigute bertan behera.
Zein da Indiako egoera, koronabirusari dagokionez?
Hemen egoera lasai dago eta horregatik ez ginen urduritu hegaldiak atzeratzean. Ez dago infektatu asko, eta orain arte pertsona gutxi hil dira India osoan eta pertsona asko bizi dela kontuan izanda, kopuruak ez dira kezkagarriak. Baina gobernua kanpoan gauden guztioi etxera bueltatzeko esaten ari da, eta horrek pixka bat urduritzen du. Ondo gaude eta onartu dugu jada behar bada luze geratuko garela hemen. Asko gara egoera berean. Familia eta lagunak ondo daudenez, lasai gaude.
Zein neurri hartu dituzte Indian birusa ez hedatzeko?
Konfinamenduan gaude martxoaren 22tik, hilabete guztia emango dugu horrela. Higiene neurriak hartzen ari dira, geroz eta gehiago. Indian eskertzekoa da! Nork esango zigun India nahiko garbi ezagutuko genuela!
Nabaritzen dituzue neurriak egunerokoan, beraz.
Leku guztiak garbi mantentzen saiatzen dira, eta askok maskara daramate. Atzerritarroi hobeto begiratzen digute maskara edo zapi bat eramaten badugu. Leku batzuetako sarreran eskuak lehorrean garbitzeko alkohola eskaintzen dute, eta noski, guztiok erabiltzen dugu.
Kanpotik badago irudipena koronabirusa Indian zabalduz gero, Europan bezain egoera larria edo larriagoa biziko lukeela herrialdeak, jende asko bizi da bertan, dentsitate handia du...
Horrela da, eta hemen leku askotan desnutrizioa dago, eta dagoeneko egoera nahiko larriak bizitzen dituzte. Birusa nola zabaltzen den ikusita, hemen ere segituan zabaldu liteke. Badira hiru bat aste bisarik ez dutela ematen eta kanpotik ezin dela inor sartu ere.
Alarma egoera honek etxetik kanpo harrapatu zaitu, nola ikusten duzu distantziatik? Europa dago orain, birusaren epizentroan, eta neurriak zorrozten doaz.
Esan bezala, hemen egoera lasaiagoa da, eta udara datorrenez tenperaturak asko igoko dira. Badirudi birusa 28 graduen gainetik desagertu egiten dela, hori kontuan izanda espero dugu ez dela horrenbeste zabalduko. Gehien kezkatzen nauena egoera soziala da. Hemen ere eskolak eta dendak itxi dituzte eta egunero ospatzen dituzten ofrendak ere bertan behera utzi dituzte eta hori oso arraroa da. Jendearen begietan sumatu dezakezu ez dutela normalean saltzen dutena saltzen eta lan gutxiago dutela. Egunean bizi dira hemen, estu, eta egunean bertan saltzen dutenaren araberako jatekoa eraman dezakete etxera.
Indiarrek betetzen dute beraz, etxean geratzeko agindua?
Nabaritzen da jendea etxeetan dagoela. Oso jende gutxi dabil kalean, erosketak egin eta etxera itzultzen dira, han bezala. Giroa lasaiagoa da, ez dago betiko zarata, eta askok esaten dute India horrela zela duela 20 urte, oso lasaia. Egia esan, nolabait, luxu bat da hemen isiltasun eta garbitasun egoera hau ezagutzea, aspaldian bezala.
Hemengo egoera ikusita, beharbada nahiago duzu han geratu...
Hemen egunero yoga praktikatu eta janari ayurvedikoa jaten dugu eta horrek sistema immunologikoa indartsu mantentzen laguntzen du. Luxu bat da. Baina ez dakigu zer pasako den eta egoera soziala larrituz gero, ez dakigu zer gertatu daitekeen, agian hobe etxera joatea. Han ere egunero praktikatzen dugu yoga eta elikadura are gehiago zainduko dugu. Denok dakigu janaria osasuna dela, hori jan hura izan.
Yoga irakaslea zara Zarautzen, lagungarria izan al daiteke egun hauetan, etxetik ezin atera gauden honetan?
Bai, asko laguntzen du. Yoga Asan praktikak sistema immunologikoa indartsu mantentzen laguntzen du eta ez da zertan aditua izan behar, bakoitzak bere tamainan gauza asko egin ditzake.
Ariketa jakin bat edo zerbait berezia gomendatuko zenuke?
Yogan buruz beherako posturak lantzea gomendatzen da besteak beste, baina esan bezala, ez da buruz behera jarri behar! Zutik gaudela beti dugu burua bihotzaren gainean eta buruz beherako jarrerak dira bihotza buruaren gainean mantentzen dituztenak. Bularra zabaltzea ere gomendatzen da, eta arnasketa ariketak egitea, Pranayama. Yogak gorputza esnatu, burua lasaitu eta ongi sentitzen laguntzen du, eta etxean gauden bitartean, denbora arinago pasatzen ere! Ondo datorkigu oxigenatzea eta mugitzea.
Eta irakurketarako? Yogarekin zerikusia duen zerbait gomendatuko zenuke?
B.K.S. Iyengar egilearen El arbol del Yoga liburua.
ETXETIK EZ ATERATZEKO AGINDUA
Indian 1.300 milioi inguru pertsona bizi dira. Oraindik kutsatu eta hildako gutxi dituen herrialdea da, baina hala ere, zonalde batzuetan etxetik ez ateratzeko agindua emana du gobernuak, baita hiriburuan ere, Nueva Delhin, eta herrialdeko sartu-irtenak kontrolatu dituzte ere. Hala ere, Gobernuak ematen dituen datuak ez dira errealak, koronabirusa atzemateko proba gutxien egiten duen herrialdeen artean baitago India. Muturreko desberdintasunak ematen dira bertan, eta horregatik egoera larriagotu daitekeela diote; herritar guztiek ez dute osasun arretarako eskubiderik.
Kutsatutakoen datuei dagokienez, Indiako Medikuntza Ikerketarako Kontseiluak dio martxoaren 22an 19.974 proba eginak zituztela, eta 482 positibo zeudela eta 10 hildako.