Koronabirusa

Bi positibo gehiago Iurreamendin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera

Asier Imaz 2020ko mar. 25a, 12:01

Diputazioak guztira 10 kasu zenbatu ditu Tolosako adinekoen egoitzan. Galdetu arren, langileen datuak ez ditu eman, oraindik. Atzo, ELA sindikatuak COVID 19-arekin 15 langile daudela jakinarazi zuen.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaleak (EAJ) atzo arratsaldean jakinarazi zuenez, Tolosako Iurreamendi egoitzan bi positibo gehiago zenbatu dituzte. Diputazioak guztira 10 positibo zenbatu dituela esan zuen. Datu horiek egoiliarrei bakarrik eragiten die, izan ere, langileen positiboen berri ez dute eman Gipuzkoako Foru Aldunditik. Tolosaldeko Ataria eurekin jarri zen atzo harremanetan, ELA-ren datuak kontrastatzeko eta langileen baldintzen inguruko informazioa eskatzeko. Oraindik ez da erantzuna iritsi. Eider Mendoza berak eguerdian eman zuen prentsaurrekoan, ondorengoa azaldu zuen: "Jarraipen hau erabiltzaileei zein langileei egiten zaie, Gipuzkoako egoitza sarearen egoerari buruzko argazki osoa lortzeko. Eta, aldi berean, zentro bakoitzak dituen ekipo eta material beharrak jasotzen ditugu, eta ahalik eta azkarren ari gara erantzuten".

Atzo egoiliarren datuak ematearekin batera, Mendozak langileen lan "eredugarria" eskertu zuen.

TXOKE PLANA

Datuak arratsaldean eman baldin bazituen foru aldundiak, eguerdian Txoke Plana aurkeztu zuen. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramalearen esanetan: “Foru erakundeak beharrezko diren baliabide guztiak jarriko ditu birusari ahalik eta azkarren aurre hartzeko". Gipuzkoako Foru Aldundia "krisi honen kudeaketa ahalik eta modu gardenean ematen" ari dela ere esan zuen Mendozak.

Covid-19ak eragin duen osasun krisiari erantzuteko kabinetea osatu dela jakinarazi zuen atzo Eider Mendozak, eta organo honek lau helburu estrategiko zehaztu dituela, Txoke Plana deitu diotenaren zutabeak. Hauek gauzatzeko, ezohizko 56 neurri planteatu direla esan zuen. Ondoren horietako hainbat:

  • Osasun Publikoarekin elkarlanean, zentro guztietara gomendioak eta protokoloak bidali direla esan zuen Mendozak, "behar den kasuetan, Covid-19gatik positibo eman duten kasuetan edo susmoa dagoenetan esku hartzeko". Horrez agin, ondorengo neurria ere azaldu zuen bozeramaleak: "Gainera, adinekoentzako edo desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan dauden erabiltzaileak eta beraien etxeetara tokialdatzea eskatzen dutenen kasuan, beraien egoerak posible egiten badu, beraien etxeak egokitzeko beharrezkoak diren laguntza teknikoa eskainiko zaio. Gainera, diru laguntza emango zaio familian jasoko duen zaintzagatik. Hau guztia, egoitzan duen plaza galdu gabe".
  • Adinekoentzako edo desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan dauden erabiltzaileak eta beraien etxeetara tokialdatzea eskatzen dutenen kasuan, diru laguntzak eta laguntza teknikoa iragarri zituen Mendozak: "Beraien egoerak posible egiten badu, beraien etxeak egokitzeko beharrezkoak diren laguntza teknikoa eskainiko zaizkie. Gainera, diru laguntza emango zaio familian jasoko duen zaintzagatik. Hau guztia, egoitzan duen plaza galdu gabe".
  • Planak jasotzen duen bigarren helburuak, Mendozaren hitzetan, "ahal den neurrian birusaren hedapenari eustea du helburu, jada positiboak dituzten zentro eta zerbitzuetan. Horretarako, suhiltzaileen foru zerbitzuaren laguntzarekin, egoitza batzuk desinfektatzen hasi da Aldundia". Atzo, adibidez, suhiltzaileak Iurreamendi desinfektatzen aritu ziren.
  • Jarraipen indibiduala eta egunerokoa egiten ari zaie egoitza guztiei, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaleak azaldu zuenez. "Kasu positibo, susmagarri edo frogak egiteko zain dauden guztiak ezagutzeko", esan zuen Mendozak.
  • Eguneko zentroen behin behineko itxieraren ondoren, zera adostu du diputazioak: "Zentro hauetako langileak eskualdez eskualde dauden egoitzetako plantilak indartzera pasatzea. Erreserba dispositibo bat ere aktibatu da Gipuzkoan, egoitza guztietako sukalde eta garbitegi hornidurak bermatzeko, behar izanez gero".
  • Egoera larrienen aurrean, egoitzetako erabiltzaileetako familientzat arreta eta babeserako zerbitzu berria jarriko dela martxan azaldu zuen bozeramaleak.

SUHILTZAILEAK IURREAMENDIN

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!