T3T mendi maratoia bertan behera geratu da

Ataria 2020ko martxoaren 24a

Alarma egoerak ezarritako konfinamenduak eraginda hartu du erabakia antolakuntzak eta gaur jakinarazi du. T2T eta T1T mendi lasterketak ere ez dira egingo.

Aurtengoan T3T mendi maratoiaren seigarren urtea zen, eta hiru lasterketak ekainaren 14ean jokatzekoak ziren. Antolakuntzatik azaldu dutenez, erabakia hartzea "asko kostatu" zaie, baina "ezinbestekoa" izan dela azaldu dute. Besteak beste, denbora aurrera doala, eta nahi dituzten berme guztiak izateko "larri" dabiltzala azaldu dute.

Lasterketek suposatzen duten ahaleginaren aurrean, parte hartzaileen prestakuntza ere zalantzan dagoela esan dute: "Bi hilabete edo gutxiago ez dira nahikoak proba hauei segurtasunez aurre egiteko". Bestetik, gaur gaurkoz, egunerokotasuna berriz noiz izango den oraindik ez dela ziurra zehaztu dute.

Bide batez, babesle, laguntzaile eta boluntarioei eskerrak eman dizkiete: "Denak ere prest zeundeten aurtengo VI. Ekitaldi honetan guri laguntzeko. Mila esker benetan!". Datozen egunetan izena emandako guztiekin harremanetan jarriko direla azaldu dute, eta dortsalaren inguruko xehetasunak argituko dituztela.

Datorren urteko ekainerako berriro ere mendi lasterketak antolatzeko asmoa azaldu dute. "Bitartean, zaindu guztiok eta besarkada handi bana denei", agurtu dute oharra antolakuntzako kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!