Koronabirusa

Etxean, baina geldirik ez

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 24a, 19:59

Egun bizi dugun egoera berezi honetan, ariketa fisikoa egitearen garrantzia nabarmendu du Jon Azaldegi prestatzaile fisikoak, egunerokoan egiten zena etxeko egoerara egokituz.

Etxean konfinatuta egoteak sortzen duen erronketako bat ariketa fisikoa egitea da. «Egunerokotasunetik aldatzen dena nagusiki mugitzeko zailtasunak ditugula da. Beraz, ordezkatu egin behar dugu kalean oinez ibiltzen egiten dugun guztia eta egiten dugun kirola, beste jarduera batzuekin. Hori da erronka», azaldu du Jon Azaldegik, Usabal kiroldegian dagoen ERA Fisioterapia eta Kirola zerbitzuko prestatzaile fisikoak. Garrantzitsuena egunero arnas sistemaren zein sistema kardiobaskularraren estimulazioa bermatzea dela gaineratu du, hau da, «lan aerobikoa» egitea.

Gorputzeko bi sistema horiek estimulatzeko, batetik, adinari erreparatzea aholkatzen du Azaldegik: «Haurrei dagokienez, sormenera jo beharko genuke, eta jolas mugituak proposatu umeei, geldirik egon ez daitezen. Ez da posible haurrei esatea 30 minutuz oinez ibiltzeko etxean zehar». Gazte eta helduek ere hainbat ariketa egin ditzakete, jolas moduan hartuta, dantzak egitea adibidez. Aulki baten gainera oin bat jarriz igo eta jaisteko ariketa ere egin dezakete, step deritzona, hain zuzen. Beste aukera bat da belauniko jarri eta ondoren zutitzeko ariketa egitea. «Egunero 20 edo 30 minutuko lan bat egitea izango litzateke egokiena, eta errutina bat mantentzea. Okerrena da gorputza geldirik egotea».

Adineko jendeari ere komeni zaio, bere mugen barruan, ariketa egitea. «Kalean ibiltzen egiten duten hori ordezkatzea», esan du Azaldegik. «Izan daiteke aulki batean eseri eta altxatu, lurrean saiatu etzaten eta gero altxatzen. Beti ere egokituta bakoitzak duen mailara. Ez da berdina, 65 edo 70 urte inguru duen pertsona bat, 30 zentimetroko oztopo bat jartzea eta zerbaiti helduta igo eta jaitsi egitea, edo 80-90 urte arteko pertsona bat, eseri eta altxatzearekin goizean hamar aldiz eta arratsaldean beste hamar aldiz eta horrela, bere egunekoan egiten zuenetik gertu egotea».

NEURGAILU NATURALA

Bestetik, Azaldegik nabarmendu duenez, «oso garrantzitsua da norberak bere burua ezagutzea, eta batez ere kontuan izatea orain arte zer ariketa fisiko egiten zuen. Ez da kontua bat-batean egiten hastea orain arte egin ez duguna, baizik orain arte egin duguna etxera egokitzea».

Etxean ariketa egiteko aparatuak dituztenek, abantaila hori dutela dio Azaldegik: «Izan daiteke arrabola izatea, edo bizikleta estatikoa, zinta... Aipatzen ari garen lan aerobikoaren estimulu hori zuzenean makina horren bitartez egin dezakete». Aukera hori izanik, norberak ikusi beharko du zer duen eskura eta zer egiteko gai den, eta hortik abiatuta ariketa batzuk zehaztu eta egitea.

Nola jakin, baina, lan aerobiko bat egiten ari garen, hau da, gure sistema kardiobaskularra estimulatzen ari garen edo ez. «Jendearentzat eskuragarri dagoen neurri oso on bat badago horretarako: hitz egiteko arazoak dituzunean, ondo ari zara», esan du Azaldegik. «Badirudi pultsometroa behar dugula horrelako gauzak neurtzeko, baina arnasa pixka bat behartuta hartzen ari zarenean, esan nahi du arnas sistema eta sistema kardiobaskularra lantzen ari zarela».

Etxeko lanak egitean mugimendua ziurtatzen dela dio prestatzaile fisikoak, baina komeni dela bihotza martxan jartzea, pultsazioa handitzea. «Arazoa da ordenagailu aurrean egotea ordu asko, eta gero jan eta sofan etzanda egotea, eta besterik ez egitea», zehaztu du. Izan ere, giharren aktibitate ezak «pixkana gorputza uzkurtzea» ekartzen duela gaineratu du, eta horrekin batera «arnas sistema eta sistema kardiobaskularraren funtzionamendu desegokia».

BIDEO BIDEZ

ERA Fisioterapia eta Kirola zerbitzuaren funtzionamendua moldatu egin behar izan dute konfinamendua dela eta. «Entrenamendu batzuk egokitu behar izan ditugu, etxean izaten den egoerara eta materialetara», esan du Azaldegik. Adibidez, pisu moduan garbantzu poltsak erabiliz. Bestalde, Youtube-n kanal bat ireki dute, ERA Fisioterapia eta Kirola izenekoa, eta bertara bideoak igotzen ditu Azaldegik berak. «Kanala irekia da eta bertara nahi duen oro sartu daiteke. Gure aldetik, gure zerbitzua jasotzen dutenei zehazten diegu zein bideo komeni zaien, beren beharren arabera».

Bideoak erabili nahi dituenari gomendio bat egiten dio: «Beti neurtu egin behar da bakoitzaren ahalmena ariketak egiteko. Ariketak egingarriak dira, eta agian tarteka atseden pixka bat hartu behar da batetik bestera. Kontuan izan behar da gogorrago egitea ez dela hobe egitearen sinonimoa, baizik eta ariketa ondo egitea komeni dela, bere funtzioa bete dezan».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!