Koronabirusa

Erosketak astean behin egitea aholkatu du Tolosako Prebentzio Mahaiak

Ataria 2020ko mar. 23a, 14:43

Tolosako Prebentzio Mahaia bildu da gaur goizean eta herritarrei etxean geratzeko agindua gogoratzeko da beharra ikusi du.

Tolosako Udalak gogoratu nahi die herritarrei, etxean geratu behar dela. Horiek horrela erosketak astean behin edota beharrezkoa denean bakarrik egiteko eskatu die herritarrei.

Tolosako Prebentzio Mahaiak gomendio hauek eman ditu:

1. Etxean geratu eta erosketak astean behin egin:

  • Osasun larrialdi baten aurrean gaude eta beraz, ezinbestekoa da etxean geratzea eta soilik beharrezkoa den kasuetan ateratzea kalera: erosketak egin, farmaziara joan...

  • Erosketak ez dira egunero egin behar, astean behin baizik eta soilik beharrezkoa dena erosteko.

  • Kalera ateratzean ere, arduraz jokatu behar da, ezin da kalean hizketan gelditu, metro eta erdiko distantzia mantendu behar da eta babes neurriak hartu.

  • Saltoki handiei dagokienean, udala guztiekin harremanetan jarriko da segurtasun neurriak kanpoan ez ezik, barruan ere har ditzaten. Edukiera are eta gehiago kontrolatu beharko dute eta erosketak egiteko ibilbideak zehaztu, herritarrak ez daitezen pilatu erosketak egiten, jende pilaketak ekiditea ezinbestekoa delako.

  • Adineko pertsonei dagokienean, udaletik 70 urtetik gorako adineko pertsonei dei egin zaie beren egoera ezagutzeko eta laguntzarik behar ote duten jakiteko. Horietako batzuk, oraindik, erosketak egitera joaten direla jakinarazi dute, hori dela eta udaletik adineko pertsona guztiei eskatzen zaie etxean geratzeko eta erosketak egitera ez ateratzeko. Erosketak egiteko laguntza behar izanez gero 010 telefonora deitu.

2. Arauak errespetatu:

  • Udaltzain zein ertzainek emandako aginduak eta alarma egoera honetan, Errege Dekretuz, ezarrita dauden arauak errespetatu egin behar dira, ezin dira komunitateko espazio amankomunak erabili festak antolatzeko, kirola egiteko edota beste edozein jardueretarako. Eremu partekatuak pribatuak badira ere, egoera honetan, udaltzaingoak eskumena izango du horietara sartzeko. Horrelako kasurik ematen bada neurriak hartuko dira.

  • Gogorarazi nahi da, langile horiek, ezarri diren arauak betearazteko daudela eta baita herritarrei zerbitzu eta laguntza emateko ere, eta hortaz, errespetu guztia zor zaie.

3. Telelana edo lan ez presentziala sustatu:

  • Udaletik, halaber, ahal den kasuetan eta ahal den neurrian enpresetan telelana sustatzeko eskaera luzatu dute, momentu honetan etxean geratzea lehentasunezkoa delako, baina ahal den neurrian, noski, gutxieneko jarduera ekonomikoa mantenduta.

  • Udalak ere telelana sustatu du bere langileen artean, eta oinarrizko zerbitzuak izan ezik (Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Herritarren Arreta Zerbitzua), gainerako sailetako ia langile guztiak etxetik ari dira lanean. Sailetako lanaren jarraipena egiteko ere protokolo bereziak sortu dira. Helburua da, administrazio prozesuak etenda badaude ere, lanak aurreratu eta normaltasunera itzultzean guztia ahalik eta azkarren martxan jartzea.
  • Udaletik jakinarazi dute, osasun arloko neurri eta erabakiei lehentasuna eman zaiela, baina ondorio ekonomikoei aurre egiteko neurriak ere oso presente dituztela eta horiek gainerako erakundeekin elkarlanean garatuko dituztela.

4. Behar izanez gero laguntza eskatu

  • Egoera aldakorra da, egunetik egunera behar berriak sor baitaitezke. Horregatik, udala, sor litezkeen egoera eta behar berriei aurre hartu eta erantzuteko lanean ari da, boluntario talde eta eragile ezberdinekin.

  • Edozein herritarrek laguntza behar izanez gero, deitu dezatela 010 telefonora eta udalak, laguntza sarearekin elkarlanean, bideratu eta erantzungo ditu behar horiek.

  • Halaber, beste behin, udaletik eskerrak eman nahi dizkiete beren laguntza eta baliabideak udalaren eta herritarren eskura jarri dituzten norbanako eta enpresei. Balioan jarri eta azpimarratzeko da tolosarren eta Tolosako enpresen konpromisoa eta eskertzekoa eta txalotzekoa izaten ari zareten jarrera eta erantzuna.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!